AHTa Arabako Errioxatik igarotzeko bi aukeretatik bat baztertu dute

Erredakzioa 2018ko mai. 18a, 11:18
Abiadura Handiko Trenak Arabatik egingo duen ibilbidea zehazteke dago. / Alea

Hainbat enpresarirekin egindako bilera batean egin du iragarpena PP alderdiko kide batek.

Logroño eta Miranda de Ebro Abiadura Handiko Trenaren bitartez lotzeko aukeran dauden lau ibilbidetatik bat baztertu omen du Espainiako Sustapen Ministerioak. Ibilbide horrek Arabako Errioxatik igaro behar zuen. Oraindik hiru ibilbide geratzen dira aukeran, eta horietatik bat Arabako Errioxatik igaroko litzateke.

Momentuz ez da iragarpen ofiziala izan, Espainiako gobernuan dagoen alderdiko kide batek hainbat enpresariren aurrean egindako iragarpena baizik. ABRA Arabako Errioxako Upeltegien Elkarteak hainbat politikarirekin antolatutako ekitaldi batean eman du albistea Arabako popularren buru Iñaki Oiarzabalek.

Aukera alboratzeko, ibilbide horrek "ingurumenean" eta "paisaian" izango lituzkeen eraginak tartean daudela esan du politikariak. ABRA elkarteak begi onez ikusi du erabakia, baina Arabako Errioxatik igaroko litzatekeen bigarren ibilbidea alboratzeko ere eskatu du.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide