San Prudentzio 2018

Ikastolatik dator burrunba

Anakoz Amenabar 2018ko api. 27a, 11:39
San Bizente ikastolako hainbat gurasoren ekimenez antolatu zuten lehenengo danborrada. /A. Sobrino

40 urte bete ditu Oiongo San Bizente ikastolak, eta proiektua ezagutarazteko hainbat ekitaldi prestatu dituzte; ospakizunetarako tarterik ere bada, besteak beste, ikastolatik bertatik jaiotako danborradarekin.

San Bizente ikastola eta San Prudentzio jaiak eskutik hartuta doaz. Ikastolako hainbat gurasoren ekimenez heldu ziren lehendabiziko danbor hotsak 1993. urtean, eta, geroztik, oiondar guztien hitzordua da danborrada. Aurten, gainera, ikastolaren 40. urteurrenean, etena egin eta atzera begiratzeko tartea hartuko dute zaindariaren ospakizunekin batera. 

"Presaka bizi garen gizarte honetan, nondik gatozen ikusteko eten bat egingo dugu; ez gaude kasualitatez gauden tokian, jende askoren lanaren ondorioz baizik", azaldu du ikastolako irakasle eta erakusketa prestatzen aritu den Arantxa Sobrinok. Ostegunean, hilaren 26an aurkeztu, eta maiatzaren 6ra arte ikusi ahal izango da Bazterra aretoan. "Hainbat txokotan banatu dugu erakusketa: ikastolaren historia, pedagogia, guraso elkarteak, Araba Euskaraz jaia –bost urtetan antolatu dute Oionen– eta ikastolarekin harremana izan duten elkarteena".

Joan den irailean hasi zituzten   40 urteak ospatzeko ekitaldiak ikastolako kideen bazkari batekin, eta, aldi berean, jantoki berriaren inaugurazioarekin. Eta, ostean, hilabetero antolatu dute ekitaldiren bat. "Ikasturte osoan zehar ospatu nahi dugu. Ikastolaren garrantzia ikastolatik haragokoa da, eskualdekoa, eta hori ospatu nahi dugu", nabarmendu du Arturo Lopez de Lacalle ikastolako zuzendariak. Gaur egun, 311 ikasle daude San Bizenten, eta goranzkoa da joera. "Poztekoa da, herriko jendeak gugan jarri duelako konfidantza; hezkuntza proiektua sendoa dugu". Herrian ez ezik, eskualdean egonkortu den proiektua dela aipatu du, eta, horri helduta, euskalduntze-prozesuan lan mardula egiten jarraitzen duela. Aurrera begira, besteak beste, irteera profila diseinatzea dute erronka nagusienetako bat, Lopez de Lacallek azaldu moduan: "Ondo definitu nahi dugu ikasleentzako zer nahi dugun, DBH bukatzen dutenerako, eta horretarako Ikastolen Elkarteko aholkulari baten laguntza jasotzen ari gara". Erakusketarekin, eta maiatzaren 4rako antolatu duten mahai-inguruaren bitartez, horiek denak eztabaidatu eta ezagutarazi nahi dituzte ospakizun urte honetan.

Danborradarekin hasiera 

Festarako tartea, berriz, danbor hotsekin ekarriko dute ostiralean, 19:30ean, plaza nagusitik abiatuta, eta diskoteka mugikorra eta zezensuzkoarekin amaituko dute San Prudentzio bezpera.

Egun handia buruhandi eta erraldoien kalejirarekin hasiko dute, dianak jotzearekin batera, 12:00etan. Dantza emanaldia Irule taldea eta Navarrete dantza taldearen eskutik helduko da jarraian. Eta, azken 37 urteetan bezala, Udalak barraskilo-jana antolatu du San Bizente plazan. Ohitura duten moduan, musikak lagunduta, kalean dastatuko dute oiondarrek barraskilo platera; eta beranduago, 20:00ak aldera heldu da txanpinoi nahaskia.

Igandean jarraituko du festak Oionen, eta, besteak beste, Prudentzio Egunsentia abesbatza arituko da San Bizente ikastolaren 40. urteurreneko ekitaldien artean; 13:00etan izango da, udal zine aretoan. Pilota partidekin, diskoteka mugikorrarekin eta zezensuzkoarekin emango diete amaiera jaiei. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide