"Arabako Errioxa bahitu nahi dute, Gasteiz sustatzeko"

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2018ko ots. 15a, 12:46
Elvira-Zulueta jauregian ireki nahi du Gasteizko Udalak Ardoaren Museoa. PHOT.OK

Elvira Zuluetan Urtaranek ireki asmo duen Ardoaren Guneak hautsak harrotu ditu Arabako Errioxan; Lezako Mahaiak salatu du 'Arabako Errioxa' izena erabiltzea "negozio pribatu bat egiteko".

"Zeini bururatuko ote zitzaion Donostian zabaltzea Tolosako babarrunaren gune tematikoa? Edo Iruñean Nafarroako zainzuriaren museoa? Ez du inolako zentzurik. Bada, orduan nola izango da Gasteiz Errioxako Ardoaren erakusleihoa?". Suminduta mintzatu da Lezako Mahaiko kide Txomin Ruiz ALEArekin, Gasteizko udal gobernuak Elvira Zulueta jauregian ireki nahi duen Ardoaren Guneari buruz: "Ardoaren gune tematiko bat Arabako Errioxan egon beharko litzateke, Gasteizek ez du mahastirik eta!". Ruizen esanetan, Arabako Errioxa marka "bahitu" nahi du Gorka Urtaran Gasteizko alkateak hiriburua sustatzeko. "Lau pareta artean giltzapetu nahi dute Arabako Errioxa izena, eskualdetik berrogeita hamar kilometrora dagoen eraikin batean. Astakeri bat da Urtaranek egin nahi duena; Gasteizko zentralismoak ez du ez hanka ez bururik", ondorioztatu du.

"Negozio pribatu bat"

Lezako Mahaia osatzen duten kideek arbuiatu dute diru publikoarekin "negozio pribatu" bat bultzatu nahi izatea. Izan ere, taldearen salaketaren arabera, Arabako Errioxako sei upategik osatzen duten Araex enpresari utziko baitzaio balizko Ardoaren Gunearen kudeaketa. "Upategi pribatu batzuen interes pribatuak tartean egoteak susmo txarrak sortzen ditu", esan du Ruizek, eta gaineratu du Araex enpresa izango dela egitasmoaren onuradun nagusia: "Erakusleiho aparta lortuko baitu bere burua sustatzeko". Urtaranen asmoaren harira, Lezako Mahaiko kideak zalantzan jarri du Arabako herritar guztien diruarekin upategi pribatuen talde baten "interes pribatuak sustatzea", eta faltan bota du Arabako Errioxako alderdi politikoen eta erakundeen aldetik jarrera kritiko bat. "Arabako Errioxa gutxietsi dute –nabarmendu du Ruizek–, eta minduta sentitu gara; jakin badakigu egitasmoa oso aurreratuta dagoela eta ez dut uste gelditu ahal izango dugunik, baina hemengo erakundeek, Kuadrillak gutxienez, zerbait esan beharko luke".

Txomin Ruiz, Lezako Mahaiko kidea. ALEA


"Izaera kritikoa sustatu nahi dugu"

Samaniego jauregiaren "salmenta-oparia"-ren inguruan eginiko adierazpen kritikoa izan zen Lezako Mahaiaren jendaurreko aurkezpena, baina eskualdeko bizilagun hauek 2016. urtetik ari ziren halako talde bat sortzeko asmoarekin. "Gizarte narkotizatu batean bizi garela ematen du, eta izaera kritikoa sustatu nahi dugu, jendarte kritikoagoa lortzeko haziak ereiten ari gara", azaldu du Txomin Ruizek mahaiko kideak. 

Halere, herrialdean Arabako Errioxak indar handiagoa izatea nahi du Lezako Mahaiak, eta eskualdean dauden desorekak ikusarazi eta konpontzeko urratsak egitea. "Landa eremua gero eta abandonatuagoa dago, eta horretan ez du laguntzen Gasteizko zentralismoak, baina, era berean, oso kritikoak gara Guardiak gainerako herriekiko duen zentralismoarekin". Mahaiaren ustez, bi abiadura dituen eskualdea da egun Arabako Errioxa: "Batetik mendialdeko herriak daude, apur bat abandonatuta daudenak, eta, bestetik, bultzatzen duten alde turistikoa dago, Arabako Errioxako irudi nagusia, Guardian, Eltziegon edo Bastidan zentratuta".

Bai erakunde publikoek zein herritarrek oro har orain arte egin dituzten hausnarketak "begi onez" jaso dituztela uste du Ruizek, eta horren adibide gisa jarri du Arabako Errioxako azken batzarrak eskualdean dagoen desorekari buruz hausnartzea, eta herri guztiak berdin bultzatzeko beharra azpimarratzea.

Halaber, gogoratu du Ruizek Lezako Mahaia izan zela lehena ohartarazi zuena Abiadura Handiko Trenaren bi ibilbidek Arabako Errioxa zeharkatuko zutela, eta horrek ekarriko zuen hondamendia. Ondoren etorri ziren bai eskualdeko udalek zein Kuadrillak eta gainerako erakundeek eginiko salaketak. "Batzuek itxaropena dute AHT-a ez dela hemendik pasatuko, baina badaezpada ondo dago alerta jotzea"

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide