Ebro ibaiak eta mahastiek rockaren astindua biziko dute bigarren urtez Lapuebla de Labarcan. Iazko estreinaldiaren arrakastari helduta, bigarren edizio bat antolatzea erabaki du Lapuebla Rock Fest jaialdiko sustatzaileak, Errioxako Panpano enpresak. Dagoeneko data iragarri du: ekainaren 29an eta 30ean egingo du dar-dar 800 biztanleko herriak.
Amua prest dute jada: Riot Propagandaren rapcore antikapitalista izango da gantxoetako bat. Zazpi musikarik osatzen dute taldea, beste biren baturatik jaioa: Los Chikos del Maiz –Balentziako talde desegin berria– eta Habeas Corpus –Madrilgo rap-laukotea–.
Gainerako izenak iragarri gabe badaude ere, salgai jarri dituzte lehenengo abonuak, 25 euroan –bi egunetarako–, ticketea.com webgunean.
Iaz, eguraldi nahasia egin zuen arren, ehunka musikazale bildu zituen hitzorduak, oholtzan hamalau talde ikusteko, tartean Soziedad Alkoholika eta En Tol Sarmiento (ETS) arabarrak, baita Porco Bravo barakaldoarra eta Su Ta Gar historikoa ere.
Arabako Errioxako jaialdi gazteak, beraz, Azkenaren lekukoa hartuko du bigarren aldiz, eskualdeko eta inguruko rock, rap, reggae eta ska zaleen egutegian finkatzeko xedez.