Hainbat aukera aztertu eta gero, lau proposamen jarri ditu mahai gainean Espainiako Gobernuak, Logroño eta Miranda arteko AHT trenbide linea osatzeko. Horietatik, bi Arabatik igaroko dira; Añana eta Arabako Errioxatik.
Iñigo de la Serna Espainiako Sustapen ministroak eman du erabakiaren berri. 2018 urteko lehen sei hilabeteetan proposamen guztiak aurkeztuko dituztela jakinarazi du, ingurumen-inpaktu txostenarekin batera, eta orduan zehaztuko dituzte obretarako epeak. 710 eta 970 milioi arteko aurrekontua izan dezake.
Lehendabiziko aukeraren arabera, ez da Arabara sartuko trenbidea; Errioxa eta Burgos artean egingo ditu ibilbide horretako 65 kilometroak.
Bigarren proposamenean ere ez, Zanbranatik gertu izango bada ere, Errioxako Fuenmayor eta Cenicero atzean utzita.
Lapuebla eta Eltziegotik
Hirugarren eta laugarren aukeretan bete-betean igaroko da Arabako Errioxatik. Hirugarren proposamenaren arabera, Bastida igaro eta Zanbranara gerturatuko da abiadura handiko trenaren bidea; eta laugarrenean Logroñotik iparraldera joko du eta laster sartuko da Arabara –Lapuebla, Eltziego, Villabuena eta Bastida igaroko ditu–. Azken proiektu hau da, hain zuzen, merkeena; 57 kilometro egingo ditu trenak, 710 milioi euroko aurrekontuarekin.
ABRA Arabako Errioxako upategien elkartea proposamen horien kontra agertu da, eta "kezka" azaldu du ohar batean. "Arabako Errioxa babestu beharreko ondare historiko eta kulturala da, eta trenak kaltea eragingo dio zonaldeari".