Bastidako 1933ko abenduaren 9ko gertakariak, sarean

Mirian Biteri 2017ko abe. 15a, 07:30

Matxinada saiakerari buruz jasotako informazioa eta hainbat testigantza egin dituzte publiko 'labastida1933.wordpress.com' atarian.

1933ko abenduaren 9ko gertakari iraultzaileak eta Espainiako gerrak Bastidan izandako ondorioak berreraikitzea helburu duen labastida1933.wordpress.com webgune berria dago erabiltzaileen eskura.

Manuel Azaña buru zuen gobernu errepublikarraren porrotaren ostean, 1933ko azaroko hauteskunde orokorretan CEDA koalizioaren indar eskuindarrek irabazi zuten, erabat banatua zegoen ezkerraren aurrean. Egun horietan abstentzioa bultzatu zuen CNTk komunismo libertarioa aldarrikatzeko greba orokor iraultzailea deitu zuen hauteskundeen emaitzen aurrean.

Abenduko matxinada hori Espainia osotik zabaldu bazen ere, Euskal Herrian ez zuen eragin askorik izan; Bastidako kasuan izan ezik. Izan ere, Araba Errioxako herri horretan hainbat lagun armak hartuta matxinatu ziren. Baina, saiakerak porrot egin zuen gau hartan bertan.

Testigantzak

Webgune berriak jazoera horren inguruan dauden lanketak bildu ditu; eta gertaera horretatik 84 urte betetzen direnean, jasotako informazio guztia publiko egin du, baita garaiko prentsa eta horren ezagunak diren gertakizunak ezagutarazteko testigantzak ere.

Egileek aipatu bezala, proiektuaren asmoa Bastidako gertakizun zehatzak eta matxinadaren ostean jazotakoaren berreraikitze saiakera bat da. Matxinadan parte hartu zutenekin zer gertatu zen, nola eragin zuen 36ko kolpeak, errepresio bortitza, gerra hastean ezkutuan mantendu zirenen istorioak, 1933ko gertakizunen zergatia eta Araba Errioxan eta Euskal Herri guztian izan zezaken eragina azaltzen du.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago