Lantziegarren egutegian, ospakizun seinalatua bilakatzen ari da Kulturen jaia, 2014az geroztik herriko ikastolak antolatzen duena, gurasoen eta Udalaren laguntzarekin. Aurten, astelehenean ireki zuten egitaraua, herriko emakume marokoarrek eskainitako postre-tailerrarekin. Festa nagusia, ordea, igandean izango da (azaroak 26), 11:00etan hasita eskolako patioan bertan –ala, euria egiten badu, herriko frontoian–.
Kultura batean jartzen dute arreta edizio bakoitzean, eta, oraingoan, ijito-herriari erreparatu nahi diote, Lantziegon presentzia duen kulturetako bat delako. Zehazki, flamenko-ekitaldia antolatu dute.
Nerea Gayarre irakasle, aholkulari eta kulturartekotasun dinamizatzaileak azaldu duenez, "herrian elkarbizi diren kulturen arteko harremanak berotu" nahi dituzte; eta, jakinik "mahaiaren inguruan sustatzen direla hoberen harremanak", gastronomia-elkartrukea izango da egitarau zabalaren plater nagusietako bat.
EGITARAUA
11:30 Kulturartekotasunaren muralaren aurkezpena.
12:00 Euskal dantzak, Lantziegoko taldearekin.
12:30 Flamenko ekitaldia, La pulga eta lagunak taldearekin.
13:00 Gastronomia- elkartrukea.
13:30 Koko-tailerra, Asve elkarte eusko-ekuadortarrarekin.
14:30 Arroz, kuskus eta te dastaketa. Girotzeko, Iradier Salaberri trikitixa taldea.