"Arabar guztion ondare publiko bat pribatizatu dute"

Itsaso Estarrona 2017ko aza. 2a, 12:33

Dioni Balda eta Txomin Ruiz, Lezako Mahaia taldeko kideak.

"Kezkatuta" daude Arabako Errioxako hainbat bizilagun, Arabako Foru Aldundiak Samaniegoko Jauregia saldu duelako. Rothschild familia aberats ezagunak erosi du eraikina.

Samaniegoko Jauregiak ez du Arabako Foru Aldundiaren eskuetan jarraituko. Aurrerantzean, Rothschild familia aberatsarena izango da. Dauzkaten enpresa ugarietako baten bidez erosi dute eraikin arabarra (Cattleya Finance negozioaren bidez, hain zuzen). Ez da Araban egiten duten lehenengo inbertsioa. Dagoeneko 100 lur-hektarea baino gehiago dituzte, eta baita upategi bat ere -Vega Siciliarekin batera-, Macan izeneko ardoa egiten duena. 

Jauregiaren salmentari buruz hitz egin du ALEAk Lezako Mahaia izeneko herritar-taldearekin. Eraikina nork erosiko zuen iragarri baino hiru egun lehenago izan zen solasaldia. Eroslea nor den, dena den, ez du haien jatorrizko kezka aldatu: "Arabar guztion ondare publiko bat pribatizatu dute; ez da onargarria", salatu dute. 

Txomin Ruiz eta Dioni Balda Lezako Mahaiko kideak, Samaniegoko Jauregian

 

TXOMIN RUIZ LLANOS. Lezako Mahaiako kidea. 

Irailean jaio zen Lezako Mahaia, Arabako Errioxako hainbat biztanlek osatuta. Batez ere, Samaniego Leza, Guardia, Eltziego eta Oiongo zenbait herritarrek parte hartzen dute, eskualdean "iritzi-foro bat eduki eta komunitatea egiteko erronkari helduta", Txomin Ruiz Llanos kidearen hitzetan. Mahai-gainean "saltsa ugari" badituzte ere, Samaniegoko Jauregiaren salmenta da orain "premiazkoena".    

Kezkatuta zaudete Samaniegoko Jauregiaren salmentagatik. Zergatik? 

Oso eraikin berezia da, XVIII. mendekoa eta Balio Historikoko Monumentu gisa katalogatua. Orain arte, Diputazioak alokairuan izan du, hotel-erabilerarako, eta hala jarraituko du abenduan kontratua amaitu arte. Halako batean, udan, Arabako Foru Gobernuak enkantean atera zuen jauregia, argudiatuz mantentze-kostu handia zekarkiola. Gauez eta azpikeriaz jokatu zuen, ez baizigun eman inolako informaziorik, ez herritarroi, ez udalbatzari ere. Jakinaren gainean zegoen bakarra udal-gobernua zen [EAJ]. Prezioa 773.600 euroan jarri zuen, ez dakigu zer irizpide teknikoren arabera. Baina okerrena ez da hori: okerrena da arabar guztien ondare publiko bat pribatizatuko dutela, arinkeria osoz; eta hori ez da onargarria. Defendatu behar dugu gure ondare publikoa. 

"Azpikeria" salatu duzue...  

Bai, informazio falta. Duela gutxi, gainera, hirigintza-plana aldatu zuen Udalak, jauregiari eremu berde bat emateko, ordura arte zaharren egoitza batena zena. Bitxia da: halako aldaketa urbanistiko bat egin, gero berehala Jauregia saltzeko? 

Nola ari zarete jasotzen prozesuaren berri?

Prentsaren bidez jakin genuen enkantearena. Eskaintzak egiteko epea pasa den irailaren 29an bukatu zen, baina oraidik ez dakigu zenbat interesdun egon diren. Bestalde, oposizioko taldeek Batzar Nagusietara eraman zuten gaia, baina Kultura diputatuak erantzun zuen Ogasun diputatuaren ardura zela... eta oraindik zain gaude, azalpen politikoak jasotzeko. Arabako Errioxako biztanleekiko errespetu faltaz jokatu dute.

Zehazki, zergatik kezkatzen zaituzte jauregia esku pribatuetan egoteak? Kalte egin diezaiokeela uste duzue?

Jauregia egoera bikainean dago; duela urte batzuk erreforma integral bat egin zioten. Alde horretatik, ez gaude kezkatuta. Gure kezka da ondare publikoa galtzea. Salduko al dugu ere Gasteizko Katedrala, irizpide ekonomikoak argudiatuta? 

Erabilera, printzipioz, ez da aldatuko, ezta?

Ez, hotel-erabilera dauka jauregiak oraingoz. 

Enkantearen ordez, zer proposamen zenuten zuek?

Diputazioak eraikinaren alde apustu egitea. Ardo onaren lurra deritzogu honi: zergatik ez sortu, esaterako, ardoari buruzko museo etnografiko publiko bat? Upeltegiek beren museoak dituzte, baina halako erakustoki publikorik ez dugu eskualdean. Erreferente bat izan zitekeen. Modu horretan, gainera, dena Guardian zentralizatu beharrean, beste udalerri batzuei ere protagonismoa eman ahalko genieke, hori baita Lezako Mahaiaren helburuetako bat: zentralizazioari aurre egin eta eskualdean komunitatea egitea. 

Azken urteotako kudeaketaren baloraziorik egin al duzue?

Ez dugu datu handirik. Entzuten denez, hotela ez doa behar bezain ondo; eta horrek harritzen gaitu, Arabako Errioxako hotel guztiak direlako errentagarriak. Gaizki pentsatzera jarrita, batzuk diote hotelari nahikoa etekinik atera ez badiote, jauregia merkeago erosi ahal izateko izan dela. Baina hori burutapenak dira, ez baitugu daturik. 

Lezako Mahaiko kideek bestelako kezka batzuk ere badituzue. 

Lezako gurutzebidea da gure kezka nagusienetako bat, N124 errepidean, ospitalearen ondoran. Hiru mila auto baino gehiago dabiltza egunero errepide bihurgunetsu samar horretatik, eta istripu asko gertatzen dira. Iazko azaroan, aita bat eta haren semea hil ziren. Pasa den irailean, bi kotxeren arteko talka egon zen ere. Laino-eremu bat da, ikuspen baxukoa. Sonsierrako San Bizente herrian aspaldi konpondu zuten arazoa, biribilgune bat jarrita. Zergatik ez dugu guk gauza bera egiten? Diputazioak esan du hurrengo Errepide Planean konponduko duela arazoa, eta bitartean radarra jarriko dutela... Radarra, bizilagunen poltsikoen kalterako! 

Ignaziotar bidearekin lotuta ere proposamenak dituzue. 

Bai. Loiolatik Manrsara doan bidea da, santuak egindako erromesaldiaren omenez. Diputazioa seinaleak jartzen ari da bidean zehar, Araban zehar bidearen 70 kilometro igarotzen direlako. Pasa den egunean jakin genuen 30.000 euro bideratu dituela Aldundiak Zalduondo, Done Bikendi Harana eta Santikurutze Kanpezun ostatuak irekitzeko. Beste behin ere, Arabako Errioxa ahaztu du Diputazioak, ez baitu hemen  aterperik aurreikusi. Erromes gutxi pasatzen dira, hilean pare bat baino ez, baina ez dute ostatu publikorik Navarretera arte (Errioxa). Gainera, 2022an Ignaziotar bidearen 500. urteurrena ospatuko da, eta indarra hartuko du. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago