Kalterik eragingo ez duen Lurrikara prestatzen ari dira, eskualdea astintzeko

Juanma Gallego 2017ko urr. 23a, 09:00
Urriaren 7an proiektua sustatzeko bideoa grabatu zuten, Villabuenan. | Lurrikara

Urriaren 28an ospatuko dute lehen Lurrikara, Oionen, harremanak sendotzeko asmoz

Hilaren azken larunbata aukeratu dute Arabako Errioxako gazteek eskualdea astinduko duen mugimendua abiatzeko. Lurrikara izenpean, hilaren 28an jarduerez betetako eguna prestatu dute, Oionen.

Otsailetik, hamar bat elkarte lanean ari dira ekimenari itxura ematen. Gazte eta kultur elkarte horiek eskualdean nabaritu duten komunikazio faltari aterabidea eman nahi izan diote. "Urtean zehar ekimen desberdinak egiten dira, baina eskualde mailako elkarlan hori bultzatzeko eta guztiei aurkezteko egun bat antolatzea bururatu zitzaigun", azaldu du Lurrikara-ren antolaketa lanetan dabilen Lore Terroba gazteak. "Bidali nahi dugun mezua da Arabako Errioxa nahiko geldirik dagoela, baina egoera hori irauli eta eskualdea astintzera goazela erakutsi nahi dugu". 

Bideoa eta abestia

Esan eta egin, buru-belarri jarri dira horretan, auzolana oinarri. Etorkizunean ekimenera jende gehiago batuko dela espero dute antolatzaileek. Lehen hitzordua Oionen egingo dute, baina urte bakoitzean herri desberdin batean egitea da gazteen asmoa. 

"Behin egun hori pasatuta, balorazio bat egingo dugu, beharren arabera ekimen berriak antolatzeko", gaineratu du Terrobak. 

Oionera joateko, Kuadrillako herri guztietatik autobusak antolatu dituzte. Irteera goizeko bederatzietan izango da, eta buelta, berriz,  hurrengo eguneko goizeko seietan. Autobusak erabiltzeko, urriaren 25a baino lehen eman behar da izena; antolatzaileek Facebook sarean sortu duten orrialdean daude xehetasunak.

Ekimena sustatzeko, bideo eta abesti bana prestatu dute. Eh Mertxe! rock taldea arduratu da musikaz, eta bideoa Villabuenan grabatu dute. Abestian argi ageri da hartu duten konpromisoa: "Ikara mahai azpian ez da bakarra, erreplika egongo da".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide