Frontoi zaharra apaintzeko mural lehiaketa antolatu du Bastidako Udalak. Ekimenarekin espazio publikoaren itxura hobetu nahi dute eta erakargarriago egin, "bide batez, artisten lanari euskarri bat eskainiz eta harreman eta kultur jarduerei bide emanez".
Proiektuaren gaiak honako hauek izan behar dira: berdintasuna, elkartasuna eta elkarbizitza. 18 urtetik gorako guztiei zabaldu diete deialdia, eta bakarka edo taldean partu hartu ahalko dute. Urriaren 30ean, arratsaldeko 15:00etan amaituko da izen-ematea.
Izen-emate orriarekin batera aurkeztu behar da egin nahi den proiektuaren zirriborroa, eta parte hartzaileek edo taldeek lehendik eginda dauzkaten muralen edo obren argazkiak. Aurkezten direnen artean, epai-mahai batek lau obra aukeratuko ditu, eta ondoren, Kristoaren jaietan, azaroaren 11 eta 13 bitartean, herri bozketa egingo dute obra bat hautatzeko.
Murala, abendurako
Irabazleak bere lana abenduaren 6an, goizeko 09:00etatik arratsaldeko 17:00ra bitartean, margotuko du, Bastidako frontoi zaharrean. Murala egiteko materiala eraman beharko du artistak, baina Bastidako Udalak 150 euro emango dizkio materiala erosteko.
Lanak amaitu eta berehala epaimahaiak egiaztatuko du lana zuzen egin dela, eta artista irabazleak, edo talde irabazleak, jasoko dute mila euroko ordaina.