Arabako Foru Aldundiak asteon jakinarazi duenez, bi eskaintza aurkeztu dira Samaniegon Apaizaren etxea bezala ezaguna den jauregia erosteko. Pasa den ostiralean, irailaren 29an, amaitu zen proposamenak jasotzeko epea.
1970. urtean, Gasteizko gotzaindegiari erosi zion foru erakundeak, eta 1984an, erortzear zegoen 1.524 metro koadro dituen eraikina berritzen hasi zen. 1995ean, Samaniegoko Udalari laga zion, eta honek hotel eta jatetxe moduan funtzionatu zezan egokitu zuen. Abenduan amaitzen da azken alokatze-hitzarmena.
Eraikin publikoaren salerosketa horrek ez du denon oniritzia jaso. Uztaila amaieran hasi zen eztabaida, Diputazioak bere jabetzako lau eraikin jarri zituenean enkantean; horien tartean, Samaniego jauregia edo Apaizaren etxea. XVIII. mendeko monumentu historiko honen eskaintza 773.600 eurokoa zen.
Eztabaida Udalean
Erabaki horrekin ados ez, eta Samaniegoko EH Bilduk mozioa aurkeztu zuen abuztu hasieran. Udal talde horretako ordezkari Txote Saenz Ruiz de Samaniegok azaldu du idatzi horretan, besteak beste, herritarrei "inolako kontsultarik egin gabe" enkantera atera izana salatu zutela, herriarentzat eraikinen horren bi hamarkadako kudeaketa pribatuak ekarri dionaz "inolako ebaluaziorik" egin gabe eta "bestelako alternatibak" aztertu gabe. Hori kontuan izanda, enkantea bertan behera uzteko eskatu zioten Aldundiari, eta parte-hartze prozesu publikoa irekitzeko.
Mozioa ez zen onartu; bai, ordea, EAJ eta PSEren artean adostutako idatzia. Herriko jarduneko alkate Iñigo Saenz de Samaniegorekin berba eginda, azaldu du bazutela Diputazioaren asmoaren berri, eta eraikinaren salerosketak "pena" ematen badie ere, ulertzen dutela foru erakundeak hartutako erabakia. "Hotelak azken urteotan izandako bilakaerari erreparatuta, argi dago ez duela behar bezala funtzionatzen, eta diru zuloa dela Diputazioarentzat. Hortaz, ulergarria da bere jarrera". Hori bai, nabarmendu du hotel erabilera izaten jarraituko duela: "Ezin da beste erabilera baterako bideratu", ohartarazi du Saenz de Samaniegok.
Diputazioan, kritikak
Udalean ez ezik, Diputazioko Euskara, Kultura eta Kirol batzordean ere jardun dute gaiaren inguruan. Joan den astean, Igone Martinez de Luna diputatuak azpimarratu zuen Diputazioarentzat "garestiegia" den berrikuntza behar duela eraikinak, eta hortaz, enkante publikora ateratzea erabaki dela.
Oposizioarekin kritikak entzun behar izan zituen. EH Bilduk erabakia "herritarrei ezer esan gabe" hartu izana arbuiatu zuen ostera. Podemosek, bitartean, "B plana" ote zuen galdetu zion; PPk jauregia enkantera ateratzeko izandako "azkartasuna" zalantzan jarri zuen.