Roberto Ruiz korrikalaria omenduko dute igandean

Anakoz Amenabar 2017ko ira. 22a, 11:51

Igandeko probak 10:30ean abiatuko dira, Samaniegon; goian, joan den urteko argazkia. | Media Maraton Ataria

Dozenaka lagunek parte hartuko dute Samaniegon hasiko den Araba Errioxako maratoi erdian.

 

Arabako Errioxa berriz ere izango da igandean, hilaren 24an, maratoi erdiaren agertoki. Hirugarren edizioa beteko duen proba honek, lasterketa garrantzitsuenaz gain, hainbat modalitate izango ditu, martxa nordikoa eta patinetan egiten dena esaterako. Kirol probek, gainera, omenaldiari tartea egingo diote, Roberto Ruiz korrikalaria gogoratuko baitute.    

Samaniego herrian izango ditu hasiera eta helmuga igandeko maratoi erdiak; 21 kilometro egingo dituzte Leza, Nabaridas,  Eltziego eta Villabuenatik igarota. Horren antzerako bidetik egingo dute patinetan lasterketa, eta irteera eta helmuga berarekin 8,6 kilometroko herri lasterketa ere izango dute igandean bertan.

Kirolari profesionalek eta zaleek parte hartu dezaten, hainbat jarduera izango dira asteburu osoan Arabako Errioxan. Probaren egun handia baino lehen, larunbatean, ekingo diote kirol asteburuari; martxa nordiko probak, Eltziego eta Nabaridasetik aterako direnak (11 eta 7 kilometro) larunbat arratsaldean, eta lasterketa txikia, Lezan bertan egingo dutena. Txikientzat, gainera, hainbat joko prestatu dituzte. 

Kirolak ere omenaldiari tartea utziko dio igandean. Sari banaketarekin hasi aurretik, Roberto Ruiz korrikalaria gogoratuko dute, familiako kide eta lagunekin. Joan den abuztuan hil zen Ruiz,  Nabaridasen, bizikletan zebilela; ekitaldi desberdinen artean, hantxe lora sorta bat jarriko dute. Gainera, jakinarazi dutenez, udaberrian haren izena daraman herri lasterketa bat antolatuko dutela iragarri du La Blanca klubak.   

Roberto Ruiz La Blanca atletismo klubeko –Arabako Errioxako maratoi erdiaren antolatzailea, besteak beste– kidea zen, eta zuzendaritzan hainbat kargu izan zituen; gaur egun hainbat taldetako entrenatzailea zen.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago