Goiztiarra da aurtengo uzta: urriagoa, baina ona ei da

Juanma Gallego 2017ko ira. 15a, 08:00

Aste honetan ekingo diote mahats zuria biltzeari, eta urriaren hasieran jasoko dute mahats beltza. | PHOT.OK

Apirilean gertatutako izozteak mahasti asko kaltetu bazituen ere, aterako den ardoa kalitate handikoa izatea espero dute.

Ardogintzan aritzen direnentzat egun konplikatuak datoz. Urtean zehar soroetan egindako lanaren fruitua jasotzea da oraingo ardura. Aste honetan hasi dira mahats zuria biltzen, eta geroago hasiko dira beltzarekin. Hamabost egun inguru aurreratu da uzta, eta ohi baino urriagoa izango omen da, aurreikuspenen arabera. Horren erantzule, apirilaren 28an jasandako izozte larria izan da. 1999. urtetik izan den handiena, hain zuzen ere. "Egun horretarako mahastia nahiko aurreratuta zegoen, eta soro askotan ezin izan da mahatsa berreskuratu", azaldu du ABRA Arabako Errioxako Upeltegien Elkarteko zuzendari Ines Baigorrik. 

Baina naturaren zikloek ere ba omen dute zerikusirik uztaren nondik-norakoak erabakitzeko. Bi urteko zikloaren araberakoak dira uztak, eta iazkoa bereziki oparoa izan zen. Horregatik, aurtengoa eskasagoa izango da. 

Zorionez, izozteak ez zuen kalterik eragin mahatsondoetan, eta aparteko gaixotasunik ere ez da egon aurten. Horregatik, urteak orain arte emandakoarekin  pozik agertu da Baigorri. 

"Lehorte txikia egon da, baina, oro har, urtea ondo joan da. Eguraldi txukuna izan dugu, eta euri asko ere ez du egin. Hori, berez, ona da, landareari pixka bat sufritzea egokitzen zaionean ardo hobeagoa ateratzen baita. Horren zergatia da ardo onaren ezaugarriak fruituan biltzen direla".

 Adituek heltze fenoliko deitzen dioten ezaugarri multzo hori, beraz, ondo mantendu da. "Garraztasuna, azido malikoaren kopurua, koloratzailearen intentsitatea, gradua... horiek guztiek bide onetik jarraitu behar dute orain, era orekatuan".Hori hala izan dadin, euri askorik ez egitea eta gauak fresko mantentzea espero du orain Baigorrik, uzta ona eskuratzeko.

Lehen muztioa, asteon

Behin urte osoko etxeko lanak eginda, igandeko mahats bilketaren festan jarrita dago arreta. Ekoran ospatuko dute aurten. Eguraldia lagun, ardoaren dantza egingo dute eskualdeko taldeek. Bertaratutako agintariei mikrofonoa luzatuko diete, eta guztiek gehien espero dutena etorriko da ondoren: muztiatzeari ekingo diote, urteari darion lehen zukua dastatzeko unea.  

 

 

Menia izateko unea heldu zaio ardoaren munduari

Arabako Mahastiak izeneko marka berria sortzeko prozesua geldiarazi du ABRA elkarteak, abuztuan Errioxako Jatorrizko Izendapenaren Kontseilu Arautzailearekin akordioa lortu eta gero. Baina orain hitzartutakoa paperean islatu behar dela ohartarazi du Ines Baigorrik. Hemendik aurrera, Errioxa marka ez ezik, ekoizleek ardoa zehazki non sortu den adierazi ahal izango dute, etiketetan jatorrizko eremua eta herria idatzita. Baigorrik Arabako ardoak bereizteko bidean aurrerapauso gisa aurkeztu du akordioa; baina argi utzi du, baita ere, hitzartutakoa bete ezean, izendapen propioaren bideari ekingo diotela berriro. Bi urteko epea aurreikusi dute menia horretarako. 

"Momentuz, Eusko Jaurlaritzarekin egin beharreko tramitazioa gelditu dugu, baina denborarekin ikusiko dugu zein den hartu beharreko bidea".Ardogile batzuentzat lortutakoa nahikoa ez dela izan onartu du ABRAko zuzendariak. "Akordioak ez ditu betetzen itxaropenik handienak, baina egia da orain arte ezin genuela ardoa desberdindu, eta hemendik aurrera hori egitea posible izango dugula", argudiatu du Baigorrik. 

Orokortzea zaila dela aitortuta ere, Errioxako ardogile gehienek hitzartutakoarekin  pozik daudela esan du.  

Izan ere, akordioa ez omen da soilik positiboa izango arabarrentzat: Errioxako beste ardo ekoizleentzat ere ona izango omen da. "Eman ditugun pausu hauekin,  izendapenaren barruan dauden guztiei ulerrarazi diegu beraientzat ere positiboa dela eremua eta herria bereiztea". 

Baigorriren arabera, zenbait kooperatibek eta upeltegi handiek argudiatu ahal dute hori ez dela beren estiloko ardoa, eta, berariaz, halakorik ez luketela sortuko. "Hala ere, uste dut guztiontzako aukera dela". Kontsumitzaileek halako bereizgarria ulertu eta estimatuko dutela uste du Baigorrik. "Munduan, edonon ulertzen da lehengaiak eremuen arabera banatzea; kontsumitzaileak informazio hori eskertzen du". 

Arabako mahastien tipologia eta lan egiteko era bereizteko bidean lehen pausua baino ez da oraingoa. Kategoria berriak hobetzeko eta ardoak bereizteko bide berriak jorratu behar direla dio Baigorrik.

Momentuz, bi urteko epe horretan gauzak nola joango diren itxarotea baino ez dago; baina, gauzak okertuz gero, badirudi  izendapen propioaren bidea hartuko dutela arabarrek.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago