Datorren astean emango dio hasiera Arabako Errioxako IKA euskaltegiak ikasturte berriko matrikulazio kanpainari; eta urtero moduan, hizkuntza ikasi nahi duen orori izen-ematea errazteko asmoz, hainbat bilera antolatu ditu herriz herri.
Astelehenean, irailak 11, deitu dute lehenengo batzarra, Nafarroako Mendabia herriko udaletxean, 19:30ean. Eskualdeko zein Errioxan (Espainia) eta Nafarroan dauden inguruko herri nagusienak bisitatu ostean, hilaren 22ko iluntzean amaituko dute ibilaldia, Villabuenako kultura aretoan.
Batzar horietan ikasleentzako interesgarriak izan daitezkeen hainbat gai aztertuko dituzte, hala nola, zenbat ikasle egon daitezkeen, zein maila egin beharko lukeen bakoitzak edota taldea osatzeko ordutegirik egokiena zein izango litzatekeen.
Irailaren azken astean, matrikulazio epea amaituta, euskaltegiak interesatuta dauden guztiei banan-banan deituko die mailako bakoitzeko taldean zein herrietan eta zein ordutan sortuko diren jakinarazteko.
Arabako Errioxako IKA Euskategiko Andoni Landak azpimarratu du aurreikusitako bilera horietara joaterik ez duten lagunek badituztela beste hainbat bide informazioa eskuratu ahal izateko: esaterako, Oiongo Diputazio kalean dagoen euskaltegira jo dezakete, edo, nahiago izanez gero, 945 60 10 87 telefono zenbakia ere erabili dezakete honako ordutegian: goizez, 10:00etatik 14:00etara; eta arratsaldez, 17:00etatik 20:00etara bitartean.
Eskolak, urriaren 2an
Ikasturtea urriaren 2an hasiko da eta ekainaren 28an bukatu. Landak emandako datuen arabera, eskolak bi ordukoak izan ohi dira; gehienetan, astean zortzi ordukoak, baina, hamar, lau edo bi ordukoak ere izan daitezke. Gaineratu du aurrez aurreko saioetan egon ezin direnentzat Internet bidez ikasteko sistema bat ere eskaintzen duela euskaltegiak.
Gainera, klasetik kanpo euskara lantzeko asmoarekin, urtean zehar askotariko kultura jarduerak antolatzen dituztela gogorarazi du, hala nola, irteerak, antzerkiak, hitzaldiak edo afariak. Hilaren 21ean egingo dute ikasturte berriko lehen ekintza: Koldo Amestoy ipuin kontalaria izango da egun horretan Guardiako zineman, 19:00etan.
Iaz, 174 ikasle
Pasa den urtean, denera, 174 ikasle izan zituen Arabako Errioxako IKA euskaltegiak; horietatik, 143, Bastidan, Guardian, Lapueblan, Oionen eta Logroñon banatutako talde presentzialetan ibili ziren. Gainerako 31 ikasleak etxetik aritu ziren ikasten Internet bidez; astean behin mintza saioak eta tutoretzak ere izan zituzten horiek.