Datorren irailaren 17an izango da Arabako Errioxako mahats bilketaren 24. festa, Ekoran. Aurtengoan, aktore, gidoilari eta zuzendari Karra Elejaldek egingo ditu pregoilari lanak.
Hala, udalbatzak bereziki eskertu dio aktore gasteiztarrari haren begirunea: "Badakigu agenda oso korapilatsua duela". Izan ere, Elejaldek protagonista izango den hiru filme estreinatuko ditu laster. Tartean, Donostiako Zinemaldian aurkeztuko duten Operación Concha filma.
Arabako Errioxan ezaguna
Hau ez da, ordea, Karra Elejalde Arabako Errioxako ardoarekin lotzen den lehenengo aldia. Hain zuzen ere, 2009an Arabako Errioxako Ardoaren Enbaxadorea izendatu zuten, eta 2015ean Lapuebla de Labarcako Uztaberri Egunean parte hartu zuen. Hartara, Arabako Errioxa eta bertako ardoarekiko zaletasuna duela aitortu du: "Ahal dudan guztietan aipatu egiten dut ardo hori".