Diputazioak Oionen jarriko du aurten enplegu anezka

Mirian Biteri 2017ko uzt. 27a, 09:32

Urriaren 11ra arte eman dezakete programa horretan izena 18 eta 59 urte arteko langabetuek.

Enplegu anezka izango du ostera ere Arabako Errioxak; bada, Guardian izan beharrean, aurten, Oionen eskainiko dute programa hori. "Guardian 2016an funtzionatu zuen taldea Oionera eramango  dugu, langabezia gehien dagoen Arabako herria  baita, %22 baino langabezia tasa altuagoa baitu", azpimarratu du asteon egindako aurkezpenean Arabako Diputazioko Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren saileko diputatu Cristina Gonzalezek.

Denera, lau anezka jarriko dituzte udazkenean martxan herrialde osoan; pasa den urtean baino bat gehiago. Horietako bi, Gasteizen egongo dira; eta, bana, Laudion eta Oionen.

20 lagunentzako tokia

Lana aurkitzeko aukera hobetze aldera, langabetuei baliabide eraginkorrak eskainiko zaizkie bertan. Oiongo anezkan, 18 eta 59 urte bitarteko 20 lagunentzako tokia izango dute. Edozein formazio maila duten eta edozein lanbidetik datozen langabetuak onartuko dituzte; hori bai, Lanbiden izena emanda izan beharko dute. Aukeratutako lagunek hainbat bilera izango dituzte astean; teknikari baten laguntza izango dute horietan. Lana samurrago topatzeko askotariko formazio saioak jasoko dituzte.

Programan parte hartzeko interesa dutenak urriaren 11a baino lehen apuntatu behar dira Interneten, Oiongo udaletxean edo Lanbiden. Informazio gehiago nahi dutenek 945- 62 21 90 telefono zenbakira ere dei dezakete.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago