Topaketa enograstronomiko jasangarria dago Guardian

Mirian Biteri 2017ko uzt. 21a, 07:06

Bertako ardo eta produktuen dastatzeak izango dira larunbatean; turismo bulegoa ere jarriko dute.

Euskadiko lehenengo topaketa enogastronomiko jasangarria egingo dute larunbatean, hilaren 22an, Guardian. Ardoaren ibilbideak antolatutako jardunaldiaren oinarria "filosofia jasangarria" izango da, eta ondorioz, produktu guztiak eko, bio edo zero  kilometrokoak izango dira. Izan ere, Arabako Errioxa Biosphere nazioarteko ziurtagiria lortzeko bidean da; toki bat turistikoki jasangarria dela aitortzen du ziurtagiri horrek, masifikatu gabekoa dela eta green ardatza duela.

Hori oinarri izanik, askotariko jarduerak antolatu dituzte 11:00etatik iluntzera bitartean, herriko lau gunetan; bertan, Arabako Errioxako ardoak dastatu ahalko dituzte bisitariek, eta baita euskal produktu ezberdinak ere, hala nola, Euskal labela duen hegaluzea parrilan, basatxerri hanburgesa txikia eta euskal baratzeko produktu ekologikoekin egindako gazpatxoa. Musikaz girotutako gune horietan tokiko produktuak ere salduko dituzte.

Gainera, turismo bulego bat ere jarriko dute, Euskal Autonomia Erkidegoko eskaintza nabarmenen berri emango duena. Etxeko txikienek ere haien gunea izango dute Txiki corner deitutako tokietan; jolasak, puzgarriak eta tailerrak izango dituzte horietan.

Egunari amaiera emateko, ilunabarrean, Sunset & Dine prestatuko dute Putzu Zeltiberiarraren plazan; aurretik eman behar da izena horretan. Enrique Loyolaren bakarrizketarekin hasiko da eta Susana Cencillo eta Destrippin Duok plaza girotuko dute afariak irauten duen bitartean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago