Jarduera berria dute esku artean hilabete hauetan Arabako Errioxako Kuadrillan: eskualdeko emakumeen lanei lotutako argazki erakusketa bat prestatzeko lanetan murgilduta daude Berdintasun zerbitzuan.
Ekimenak aurrera egin dezan ezinbestekoa da herritarren parte-hartzea: "Arabako Errioxako emakumeek egin izan dituzten lanak ikusarazteko argazki bila gabiltza: antzinako argazkiak izan daitezke, edo berriak, etxeko lanen irudiak, edo upategiko edo mahastietako lana, umeen zaintza, beste pertsona batzuen zaintza, edozein enplegu", azaldu du Berdintasun teknikari Maitane Arnaizek.
Nabarmendu nahi izan du "beste edonon" bezala, Arabako Errioxan ere "oharkabean" geratu izan direla belaunaldiz belaunaldi emakumeek egindako askotariko jarduerak. Horrekin lotuta, honakoa gaineratu du: "Itzaletan geratu dira, bai genero rol femeninoarekin bat zetozenak, eta baita ez zetozenak ere, hau da, gizonezkoei egokitzen zitzaizkien jarduerak".
Uztailaren 31ra arte jasoko dituzte argazkiak Kuadrillako egoitzan Berdintasun zerbitzuak duen bulegoan edo bakoitzaren etxean bertan aurretik 945-60 02 52 telefono zenbakira deituta. Arnaizek azpimarratu nahi izan du egoera onean eta epe laburrean itzuliko zaizkiela irudiak jabeei.
Mahats-bilketaren festan
Erakusketak dagoeneko badu inaugurazio datarik; irailaren 17an zabalduko dute, Ekoran egingo duten Arabako Errioxako Mahats-bilketa festa aprobetxatuz. Berdintasun teknikariak jakinarazi du Ekorako askotariko erabilerako eraikinean egongo dela hori ikusgai hilabetez.
Erakusketaren ibilbidea, baina, ez da Ekoran amaituko. Asmoa da ibiltaria izatea, eta eskualdeko herriz herri eraman ahal izatea.