Beltz koloreko arropak eta ondo pasatzeko gogoa. Lehen baldintza ez da ezinbestekoa. Bigarrena, bai. Lehendabiziko aldiz, rock zaleek udan jaialdia izango dute Arabako Errioxan: Lapuebla Rock Fest.
Aurtengo kartelak hamabost bat talde biltzen ditu. Horien artean, Su ta Gar eta Reincidentes daude. Gertuenera etorrita, Soziedad Alhoholika eta Potato arabarrak ere izango dira taularen gainean.
Baina izen entzutetsuez gain, gustu guztiak asetzeko moduko taldeak egongo dira. Punka edo hardcorea bereziki gustuko dituztenek Ardelatxa nafarrekin eta RDT errioxarrekin bereziki gozatuko dute. Kaotiko aguraindarren eskaintza ere bide beretik doa.
Nafarroako Erriberako punka ere tartean izango da, Josetxu Piperrak taldearen letra bihurriekin. Hard rock klasikoagoa nahiago dutenek, berriz, ezin dute galdu Porco Raro barakaldarren emankizuna. Silenciados errioxarrak ere (lehen Silencio Absoluto zirenak) tartean egongo dira.
Euskal taldeak
Euskaraz sortutako abestiek ere lekua izango dute. Su ta Gar taldeaz gain, Anabasa taldearen letrak entzuteko –deszifratzeko– aukera egongo da. Festa giroan dantzatzeko moduko doinuak nahiago dituztenek Ekoran sortutako En Tol Sarmiento taldearen ska erritmoekin hankak mugitzeko aitzaki ona izango dute. Arabarrek Beldurrik ez izeneko laugarren lana atera dute. Oraingoan, rock gehiago sartu dute diskoan, baina ska dantzagarriaren ardatza mantendu dute. Behin kontzertuak bukatuta, Ivan Guirimbi DJak musika jarriko du. Lasai egon, rock DJa da eta.
Sarrerak honako salmenta puntuetan eskuragarri daude: herriko jubilatuen tabernan, Logroñoko Santos Ochoa liburu-dendetan, eta Interneten Ticketea plataforman. Kanpatzeko lekurik ez da faltako.