Zurrumurruen aurkako '% 100 Oion' diskoa aurkeztu du Mursegok

Erredakzioa 2017ko eka. 12a, 16:30

Lan hau Oiongo herritarrekin eta herritarrentzat grabatu dute, elkarbizitza sustatu eta zurrumurruak uxatzeko helburuarekin.

Mursegok %100 Oion diskoa aurkeztu berri du. Lan hau Oiongo herritarrekin eta herritarrentzat grabatu du, elkarbizitza sustatu eta zurrumurruak uxatzeko helburuarekin. Izan ere, 3.500 bat biztanle ditu Arabako Errioxako herri honek, eta 20 nazionalitatetik gorako herritarrak. Bertan bizi diren komunitate ezberdinak agerikoagoak dira eta tinkoago heltzen diote beren nortasun kolektiboari, eta horrek bertakoek duten pertzepzioan du eragina, etorkin gehiegi daudela uste dute eta. Bizikidetzarik ez da sortzen, eta gaizki-ulertuak eta zurrumurru faltsuak zabaltzen dira.

Egoera, horren aurrean, Herriko Bitartean Jolasean elkartea udalerriak bizi duen egoera horri buelta eman nahian, egitasmo parte-hartzailea martxan jartzea erabaki zuten orain dela bi urte inguru. Helburu horretarako, Artehazia elkartearen laguntzarekin, Komanditario Berriak taldea sortu zuten; zehazki, Oiongo bizitza sozialean inplikatuta dauden hamar bat lagunek artea bultzatzeko eratutako plataforma.

Idoia Zabaleta eta Mursegoren laguntza

Musika proiektu hau gauzatzeko,  Idoia Zabaleta artistak bitartekari lanak egin ditu, eta Mursegorekin batera, oiondar ugarik parte hartu du, hala nola, emakume musulmandarrak, jatorri musulmana duten haurrak, herriko abesbatzak, musika eskolako irakasleak eta ikasleak, bertsolariak, gazte asanbladak, Eh Mertxe! rock taldeak…  100 lagun inguruk parte hartu dute proiektuan.

Guztira, bederatzi kantu ditu disko berriak; herriko zurrumurruak, kexak edo bizikidetza bezalako gaiak jorratzen dira abesti horietan, musika estilo ezberdinak erabiliz. Horiek sortzeko, Maite Arrotajauregi musikariak Aida Torres, Txap, P3z, Amorante eta Harkaitz Canoren laguntza izan du, besteak beste.

Diskoa ohiko plataforma digitaletan hurrengo asteetan izango da, eta hilaren bukaeran ale kopuru mugatu bat salgai jarriko dute. Hemen diskoaren bi aurrerapen.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago