Hiru gune prestatu dituzte, eta ibilbide laburra, laua eta erraza, bisitariak gune batetik bestera erraz mugitu daitezen. Gune nagusi bat egongo da, eta beste biak txikiagoak. Lehen gunea Esne Bidea izango da, eta hiru eremutan banatuko dute: Proxima Centauri, Eguzkia, eta Alfa. Bigarren gunea Andromeda izendatu dute, eta, hirugarrena, Prometheus.
Bastida Ikastolako haur hezkuntzaren marko pedagogiko berria ezartzeko baliatuko dute jaira hurbilduko diren lagunen ekarpen ekonomikoa. Behar dituzten obrak egingo dituzte, eta irakasleen formakuntza sakonduko dute. "Errioxan aitzindariak izan nahi dugu, nolabait ezberdindu behar gara, jende gehiago gure proiektura erakartzeko", azaldu du ikastolako zuzendari Ketxu Bedialaunetak. Dena dela, egunaren benetako protagonista euskara izango dela nabarmendu du Bedialaunetak.