Ignaziotar bideak iturri bat izango du laster Lapueblan

Mirian Biteri 2017ko eka. 3a, 07:45

Erromesen omenez jarriko dute Jose Antonio Agirre parkea berrituko dutela aprobetxatuz.

Obretan dabiltza pasa den astetik Lapuebla de Labarcan; hain justu ere, herriko sarreran dagoen Jose Antonio Agirre parkea goitik behera berritzeko lanekin hasi berri dira.

Besteak beste, zahartuta gelditu diren hornidura sareak aldatuko dira, eta ingurune horretako irisgarritasuna ere nabarmen hobetuko da. Horrez gain, hiri-altzari berriak ere jarriko direla iragarri du Lapuebla de Labarcako alkate Maider Murillok.

Ezer berririk ez; edozein obretan aurreikusita dagoena egingo dute. Baina, kasu honetan bada berezitasun bat: Ignaziotar bideari eskainitako iturri bat izango duela berritutako parkeak. Horrekin lotuta, honakoa azaldu du Murillok: "Jakinekoa denez, Arabako azken herria da Lapuebla de Labarca; jarraian, Errioxara sartzen dira Ignaziotar bidea egiten duten erromesak. Horiek gogoan izan nahi izan ditugu, parkean haren omenezko iturri bat jarriz. Plaka bat ere izango du".

Panel informatiboak

Ez da bide horretako erromesei eskainitako hiri-altzari bakarra izango; izan ere, herriari zein ibilaldiari buruzko hainbat informazio panel ere jarriko dituztela iragarri du alkateak.  

Lanok bost hilabeteko iraupena izango dute eta 374.061 euroko kostua; hainbat erakunderen artean finantzatuko dute. Aurtengo udal aurrekontuetan aurreikusita dagoen inbertsiorik garrantzitsuena da Jose Antonio Agirre parkeko obrarena.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago