alea.eus

Udaberriko astindua

Anakoz Amenabar 2017-05-12 12:48   Ekonomia  Arabako Errioxa

Joan den apirilaren 28ko izozteak kalte nabarmenak egin ditu Arabako Errioxako mendebaldeko mahastietan; teknikarien azkeneko balorazioen zain, hainbat upategik uzta gehiena galduko dute.

 

Udaberriko astindua
Samaniego eta Eltziego arteko zonaldean eragin ditu kalte handienak. / UAGA | Ikusi handiago | Argazki originala

Arabako Errioxan ez da beste hizketagairik egun hauetan. San Prudentzio eguneko izotzak bete-betean jo zuen eskualdeko mendebaldean eta hainbat mahasti erre. Ohi baino aurreratuago zetozen kimu berriak eta, jelaren ondorioz, fruiturik gabe utzi ditu horietako asko. Azkeneko balorazioen zain, mahats kopurua dexente gutxituko dela eta kalteak nabariak izango direla aurreikusi dute. Halakorik berriz gerta ez dadin, neurriak hartzeko eskatu dute hainbat ardogilek.    

Bastida, Samaniego, Mañueta, Villabuena, Navaridas, Leza eta Eltziegon izan dira kalte handienak. Villabuenan ditu mahastiak, hain zuzen, Candido Besa upategiak, eta %95eko galera izan dutela gogoratu du bertako ardogile Esti Besak. Perituek bisitatu dituzte aste honetan mahastiak eta hondamena agerian utzi dute: "Hauek ezingo dira berreskuratu eta teknikariak ere hala esan digu. Mirari bat gerta daiteke? Ez dakit, nik ez dut sinesten mirarietan". Eguraldia kontra  jarri zaie oraingoan, Besak gogoratu moduan; neguan ez du ia euririk egin eta mahastiak berpizteko indarrik gabe daude. "Euria egiten badu, askoz hobeto, aterako ditu kimu berriak baina ziurrenik ez dute mahatsik ekarriko, aurten ez". Halako izozte batek mahatsondoa "berriz osatu" beharra dakarrela gogoratu du, adar berriak sortu behar ditu eta luze joko du prozesuak. 

Mahatsondo guztietatik %10a  ere ez dutela jasoko uste du Besak eta, beraz, beste aukera batzuk pentsatu beharko dituztela ardoa egiteko. Euren bezeroak zaintzeko, mahatsa beste nonbait erosi beharko dutela dio. "Eta non erosiko dugu gure inguruetan halako egoeran badaude? Eta zein preziotan? Halako egoerak aprobetxatu egiten dituzte garestitzeko".

 

Irakurri erreportaje osoa ALEA aldizkariaren 104. zenbakian. Etxean jasotzeko, harpidetu hemen. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa