Prest da bortxa matxistaren biktimak artatzeko zerbitzua

Hegoak zerbitzua eta Bizirik elkartea aurkeztu dituzte Mañuetan.

Indarkeria matxista jasaten duten emakumeentzako aholkularitza zerbitzua aurkezteko hitzaldia egin  zuten pasa den astean Mañuetan. Diputazioak eta Arabako Errioxako Kuadrillaren arteko hitzarmenaren ondotik sortutako zerbitzua da Hegoak; apirilean jarri zuten martxan eta astean behin dago Guardian eta Oionen.

Kuadrillako Berdintasun teknikari Maitane Arnaizek indarkeria matxistaren gaineko sarreratxoa egin zuen esandako solasaldian, eta jarraian, Susana Cambrak arreta psikosoziala eta aholkularitza soziojuridikoa eskaintzen duen zerbitzua aurkeztu zuen. Horrekin lotuta, gogorarazi behar da 2013 eta 2014 urteetan Arabako Errioxako 33 emakumek jo zutela gizarte zerbitzuetara laguntza eske.

Horrez gain, Bizirik elkarteko bi kidek ere parte hartu zuten beraien bizipenak azaltzeko eta elkartea aurkezteko. Genero indarkeria egoeretatik bizirik irtetea lortu duten emakumeek osatzen dute esandako elkartea.

Pozik dago Berdintasun teknikaria hitzorduak izandako harrerarekin; 15 lagun elkartu ziren Mañuetako askotariko erabilerako gunean: 2 gizon eta 13 emakume. Dena dela, azpimarratu du kopuru horrek agerian uzten duela berdintasuna eta genero kontuak oraindik ere emakumeei dagokien arazoa denaren ustea nahiko zabalduta dagoela, eta hortaz, lan egiten jarraitu beharra dagoela.

Laia Eskola

Iazko udazkenean Arabako kuadrilletan Berdintasun teknikariak lanean hastearekin batera, Laia Eskola, Arabako Emakumeon Jabekuntzarako eta Berdintasunerako Eskola, jarri zen abian eskualde guztietan. Emakumeen ahalduntze pertsonal eta kolektiboa lortzeko helburuarekin ekintzak garatzen ari dira; Mañuetakoa egitarauaren barruko ekintzako bat izan zen.

Epe laburrera begira aurreikusita dauden ekimen berriak ere iragarri ditu teknikariak. Eskualde mailako indarkeria matxistaren aurkako protokoloa martxan jartzea da horietako bat. Arazo honen aurrean, prebentzioa eta sentsibilizazioa ere ezinbestekoa dela uste du, autodefentsa feminista tailerrak, bideo forumak eta gaiari buruzko zurrumurru faltsuen inguruko solasaldia egitea ere aurreikusita dago. Halaber, Bastidako eskolako ikasleekin murala margotuko dute.

Horrez gain, Amelia Barquinekin interkulturalitateaz eta generoaz hausnartzeko saioa, jai eredu parekideen inguruko tailerra edo argazki erakusketa prestatzen dabiltza.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide