20. Korrika

Aurten ere, Korrika propioa egingo dute eskualdeko euskaltzaleek

Juanma Gallego 2017ko mar. 30a, 10:42
'Denok' lelopean, Viana eta Arabar Errioxako Korrikaren bigarren edizioa egingo dute larunbatean. | Alea.

Apirilaren 1ean Bastidatik eta Vianatik aterako dira korrikalariak, Guardian elkartu, eta batera Lapuebla de Labarcan amaitzeko

Aurtengo Korrika Arabako Errioxatik igaroko ez denez, eskualde horretako herritarrek bigarren aldiz antolatu dute Korrika propioa. 2013an egin zuten, aurrenekoz, Viana eta Arabar Errioxako Korrika. Urte horretan, Korrikaren antolatzaileek esan zieten Korrika ez zela eskualdetik pasatuko, baina saiatuko zirela 2015eko edizioaren ibilbidearen barruan sartzen. Hala izan zen. Baina aurten ezinezkoa izan da, eta, hortaz, bigarren aldiz antolatu dute ekimena Arabako Errioxan.

"Tira, badakigu urrun gaudela, baina Euskal Herrian gaude, eta, Korrika ez bada pasatzen, euskararen alde zerbait egin dezakegula pentsatu dugu", azaldu du Arabar Errioxako Euskatzaltzaleak taldeko Joana del Hoyok.

Ibilbide bikoitza antolatu dute. "Bi zutabetan aterako gara, bata Bastidatik eta bestea Vianatik. Guardian batuko gara eta, bi zutabeek bat eginda, Lapuebla de Labarcan bukatuko dugu ekitaldia".

Goizeko hamaiketan Bastidatik aterako den zutabeak Abalos, Mañueta, Samaniego, Leza, Nabaridas eta Paganos zeharkatuko ditu. Bestalde, 09:00etan Vianatik ateratzen direnek honako ibilbidea egingo dute: Moreda, Labraza, Gorrebusto, Oion, Ekora, Binasperi, Lantziego, Kripan eta Bilar. "Badakigu gutxi garela, baina, era berean, asko garela ere aldarrikatu nahi dugu", dio Del Hoyok.

Arratsaldeko 18:00etan egingo diete ongietorria korrikalariei, Lapuebla de Labarcako Plano enparantzan. Lekukoaren mezua irakurri eta gero, Unai Bengoetxea eta Orlando Arreitunaindia arituko dira bertsotan. Umeentzako askaria eta helduentzako pintxo dastaketa izango da ere, eta Oiongo Irule eta Trikizio taldeek musikaz alaituko dute giroa.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide