Bilarretik Campillarrera doan errepidean egin diren berrikuntza lanak direla eta, ehunka olibondo desagertzeko zorian izan dira, baina Bilarreko herritarrek ehun zuhaitz baino gehiago salbatzea lortu dute.
Aldundiak zuhaitz horiek beste nonbaiten landatuko zituela uste zuen herriko aguazila den Toño Gainzarainek, baina konturatu zen horien patua zabortegira joatea zela. Herriko alkatearengana jotzea erabaki zuen orduan, zuhaitz horiek salbatzeko modurik ote zegoen ikusteko.
Eta horretarako bide legala aurkitu zuten. Desjabetzen bidez Aldundiak bereganatutako olibondoak Udalaren eskura pasatu ziren. Horrela, Udalak eskuak libre izan zituen zuhaitzekin nahi zuena egiteko. "Herriko jendeari galdezka hasi nintzen, eta bandoak jarri nituen arazoaren berri emanez. Egia esanda, jende asko animatu da olibondo horiek hartzera", nabarmendu du Gainzarainek.
Erabilitako formula sinplea izan da: Udalak olibondoak oparitu ditu, eta horiek eskuratu nahi dituenak garraioa eta birlandatzea baino ez ditu ordaindu behar izan. "Iazko urrian zuhaitz asko salbatu genituen eta duela gutxi azken 25 aleak berreskuratu ditugu. Guztira, 115 olibondo kendu ditugu. Uste dugu, gainera, horietatik 35-40 inguru 300 urte baino gehiagokoak direla".
Irakaspen argia atera du Gainzarainek afera honetatik. "Halako gauzak egiten direnean, errepideek ezin dute dena txikitu. Gure erantzukizuna da, hein batean, herriari urte luzez jatekoa eman diena babestea. Gu ez gara inor halako dinosauro bati bizia kentzeko".
Sentsibilitatea
Aldundiak paisaiarekiko izan duen "sentsibilitate urria" kritikatu du Gainzarainek. "Ez da zentzuzkoa eskualderako Unescoren paisaia izendapena lortu nahi izatea eta gero horrelakorik baimentzea. Paisaia guztiz txikitzen ari da, eta autobideak diruditen errepideak eraikitzen ari dira".
Halere, "Aldundian desjabetze gaietan lan egiten dutenek izugarrizko sentsibilitatea" erakutsi dutela nabarmendu du. "Bertan lanean ari direnak asko mugitu dira; errepideetako zaintzan aritzen diren langileek ere lagundu naute, eta herriko alkatea ere hasieratik inplikatu da".
Horrez gain, herritarren aldetik izandako jarrera ona ere nabarmendu du. "Jendeak ulertu du etxeak, landareak, edota sakanak herriaren parte ere badirela. Izan ere, zuhaitzak dituen paisaia atseginagoa da eta hobeto sentiarazten gaitu". Mezu argia luzatu du Gainzarainek: "Beste nonbaiten antzeko zerbait gertatuz gero, jendeak jakin behar du halako kontuak egin daitezkeela".
Egindako lanaren ostean, oraingo erronka da belaunaldiz belaunaldi zaindutako ale horiek lur sail berrietan ondo errotzea.