Arabako Errioxako ardoek marka hautsi dute 2016. urteko esportazioetan, eta 155 milioi euro irabazi dituzte. Fakturazioa %1,8 igo da, eta horrenbestez bi milioi baino gehiago hazi da 2015eko aldi berberarekin alderatuta. Esportatutako bolumena, berriz, %2 jaitsi da –ardo zuriaren esportazioen jaitsiera arina dela eta–; litroko batez besteko prezioa ia 5,50 eurora igo da.
Datuok Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuorde Bittor Orozek eman ditu, Lapuebla de Labarcan ospatu den Uztaberri Egunaren harira. Haren esanetan, gainera, Erresuma Batuak jarraitzen du izaten Arabako Errioxako ardoen erosle nagusia, saldutako ardoen %31 bolumenean eta %23 baino gehiago balioan hara saldu da eta. Halere, gero eta herrialde gehiagotara saltzen dira eskualdeko ardoak, eta nabarmena da merkatu batzuetan eduki duten gorakada, hala nola Suitzan, Alemanian, Kanadan, Txinan edo Mexikon, besteak beste, horietako askotan batez bestekoa baino prezio askoz handiagoan salduz.