Berdintasun teknikaria kontratatuko du Kuadrillak

Estitxu Ugarte 2016ko urr. 5a, 15:38
Arreta psikosoziala Guardian eta Oionen egiteko hitzarmena sinatu dute

Genero ikuspegia txertatu eta Arabako Errioxako II Berdintasun Plana martxan jarriko du. Urriaren 11n amaituko da epea eskaerak aurkezteko.

Genero ikuspegia egunerokoan txertatzeko eta Errioxako II Berdintasun Plana martxan jartzeko, Berdintasunerako Teknikaria kontratatuko du Errioxako Kuadrillak, eta lehiaketa-oposizioaren bitartez beteko du lanpostua.  Aukeratutako lagunak 2017. urteko ekainera arte lan egingo du, Errioxako Kuadrillan, jardunaldi osoko kontratuarekin. 

Urriaren 11n amaituko da epea eskaerak aurkezteko oposizioaren prozesuan parte hartzeko. Eskaerarekin batera dokumentazio guztia ere bidali beharko dute interesdunek. Lan eskaintzan parte hartzeko  langabetua izan behar da, eta Lanbiden izena-ematea; halaber funtzio publikoan sartzeko ohikoak diren baldintzaz gainera, unibertsitate titulua behar da, eta emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko 150 ordutik gorako ikastaro ofiziala (administrazio publikoarena edo unibertsitatearena) egina izatea. Halaber, interesatuta daudenek 3. hizkuntz eskakizuna egiaztatu beharko dute lehiaketa-oposizioan parte hartu ahal izateko.  Bestalde, B motako gida baimena izatea ere ezinbestekoa da.

Lehiaketa-oposizioan kultura orokorrari eta tokiko administrazioei (Udala, Kontzejua eta Kuadrilla) buruzko ezagutzak frogatu beharko dituzte batetik, eta genero berdintasunari buruzkoak bestetik. Halaber elkarrizketa pertsonala izango da. Lehiaketa fasean, berdintasun teknikaria bezala duten eskarmentua eta prestakuntza baloratuko dira.

Funtzioak 

Funtzio zehatzak zehaztu ditu Errioxako Kuadrillak, Berdintasun teknikariak eskualdearen egunero bizitzan eragiteko modukoak. Hala, batetik berdintasun programak diseinatu eta martxan jarriko ditu eskualde osoan; Errioxako  udalen eta Kuadrillaren politikak, programak eta jarduera guztietan berdintasunaren ikuspuntua txertatu beharko du, eta aholkularitza lana egingo du berdintasunaren alorrean; kontziliaziorako proposamenak ere landuko ditu, eta diskriminazio egoerak antzemango ditu, besteak beste.

Guardian, Errioxako Kuadrillak duen egoitzan, lan egingo du.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide