Frankismoak gerran Arabako Errioxan eragindako biktimen aldeko omenaldia egin zuten larunbatean Villabuenan. Arabako Errioxako 40 pertsona baino gehiago hil zituzten inongo epaiketarik gabe 1936ko uztailaren 18ko kolpearen ondoren, batez ere, Bastidan, Ziekon eta Guardian.
Bertan izan ziren Arabako Errioxako herri guztietako pertsonak, Gasteiz, Iruña, Miranda de Ebro eta Errioxako elkarte ezberdinetako kideekin batera.
Gainera, Ekiloreak sarea antolatutako omenaldi honetan Bilarreko txalapartariek, Oiongo txistulariek eta Villabuenako Kaxkabar dantza taldeko kideek parte hartu zuten. Ekitaldiaren amaieran, eskualdean hil zituzten guztien ohorezko monolitoa eta plaka zabaldu zuten. Joseba Ibañezek landu du monolitoaren harria.