Karabana Greziara: mugak zabalduz goiburu, Arabako 40 lagun abiatu ziren uztailaren 15ean Greziara, Euskal Herriko beste 80 pertsonarekin batera errefuxiatuen eskubideak aldarrikatu eta Europaren politikak salatzeko. Eta, etxean berriz ere, egoera ezagutzera eman eta mobilizazioetan parte hartzeko dei egin dute. Gaurkoan, Arabako Errioxan izango da aurretik kanpalekuak bisitatu zituen Nerea Samaniego kidea; Lezako DiVino ardotegian eskainiko du hitzaldia, 21:30ean.
Arabako kideek mobilizaziora deitu zuten joan den astean Gasteizen eginiko agerraldi batean, eta hala egin du Ekilore taldeak gaurko prestatu duen ekitaldiarekin. Lehenik, Nerea Samaniegok Greziako kanpalekuetan bizitako esperientzia kontatuko du eta, ondoren, Leza eta inguruetako herritarrek prestatutako pintxoak dastatzeko aukera izango dute bertaratutakoek; bertan biltzen den dirua Ekiloreak taldea prestatzen ari den egitasmo solidario baterako izango da.