Hegaztiak protagonista, Guardia ezagutzeko gida turistiko berrian

Saioa Fdz,de Arangiz 2016ko abu. 7a, 09:00

Judith Saenz de Tejada margolariaren ilustrazioak eta Marcelino Izquierdo historialariaren azalpenak jasotzen ditu Guardiako historia inoiz kontatu ez den bezala liburuak.

Guardia gertutik ezagutzeko gida berezia eskura izango dute bisitariek hemendik aurrera. Izan ere, Guardiako historia inoiz kontatu ez den bezala liburua argitaratu berri du Masquerutas argitaletxeak; Judith Saenz de Tejada margolariaren ilustrazioak eta Marcelino Izquierdo kazetari eta historialariaren azalpenak uztartzen dituena. 

Gidak Guardiako historia, tradizioak, kultura eta gune turistiko guztiak jasotzen ditu. Saenz de Tejadaren hitzetan, haur zein helduentzako "alegia bat " da, "Guardia bisitatzen duzunean, hiru egunetan zer ikusi eta ikusten ari zaren hori zer den azalduko dizuna".

Gidari bereziak

Argitalpenaren 60 orrialdeetan zehar, gidari lanetan, pertsonaia bereziak topatuko ditu irakurleak; "herriarekin zerikusia duten animaliak  dira". Horrela, inguruan ugari diren hegaztien ordezkari  nagusia Blasa zikoina dugu eta herriaren historia eta tradizioa kontatzeaz arduratzen da, hastapenetatik gaur egun arte. Amaia azeriak, berriz,  Felix Maria Samaniego idazlearen eta  inguruko ardoaren berri ematen du. Izan ere, animalia hau maiz ikus daiteke Guardian. "Mahats-bilketa garaian, adibidez, mahatsak jatera hurbiltzen dira azeriak". 

Blasa eta Amaiaren azalpenak entzuteko, beste hiru pertsonaia daude; John ubarroi eskoziarra, Xiao ahate mandarina eta Hildegarda koartza gorri alemana. Guardiako urmaeletan aurki daitezkeen hiru hegazti migratzaile hauek herrira hurbiltzen diren hiru turista mota ezberdin ordezkatzen dituzte; bisitari anglosaxoia, asiatikoa eta Europa erdialdekoa, hurrenez hurren. 

Era berean, pertsonaia hauek egingo duten ibilbidean aurkitzen diren saltoki eta zerbitzu guztiak biltzen dituzten zenbait plano ere jasotzen du gida berri honek.

Guardiakoa  ez da Masquerutas-ek kalera ateratzen duen aurreneko gida; Gasteizek eta Bilbok, esaterako, badute berea. Hauen ostean, Guardiako egiteko beharra sentitu zuen bertan bizi den margolariak. "Madrilen jaioa banaiz ere, Guardia da nire familiaren herria, eta 15 urtez bertako gidaria izan ostean, bere sekretuak kontatu nahi nituen".

Hiru hizkuntzatan

Guardiako historia inoiz kontatu ez den bezala liburua hiru hizkuntzatan argitaratu da; euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. Guardiako turismo bulegoan zein saltoki ugaritan eros daiteke, 12 euroan

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide