"Aktore izateak pertsonalki garatzen laguntzen nau"

Mirian Biteri 2016ko uzt. 23a, 07:00

Internet bidez ikusgai egon den 'Txoministak' euskarazko telesailean parte hartu izan du Edurne Azkarate aktore gazteak.

Arte dramatikoa ikasi ostean, aktore lanetan zabiltza dagoeneko. Internet bidez ikusgai egon den Txoministak izeneko euskarazko seriean parte hartu duzu. Zelakoa izan da orain arteko esperientzia?
Pertsonalki oso aberasgarria izan da; lehendabiziko aldia izan da ikus-entzunezkoetan lan egin dudala, eta, esan bezala, oso aberasgarria izan da. Asko ikasteaz gain, jende berria ere ezagutu dut. Hemendik aurrera gora.

Telesailaren lehen denboraldia dagoeneko amaitu da. Bigarrenerako proiekturik ba ote dago?
Kontua oraingoz geldirik dago; bileretan gaude bigarren denboraldia egotekotan hori zelan enfokatuko dugun aztertzen. Jarraitzeko gogoa badugu, baina oraindik ez daukagu ez datarik ez eta formaturik ere. Telesailak nahiko harrera ona izan du, ikusleak pozik geratu dira; barre egin dute saioarekin, eta hori da, hain justu ere, guk bilatzen genuena.  

Txoministak ikusteko aukera izan ez dutenentzat. Zertan datza telesaila?
Txoministak alderdi politiko berria da. Aberri bereko lau kidek osatzen dugu alderdia eta daukagun arma berritzailea da Errioxa birkonkistatzeko asmoa dugula.  

Zu zeu Karmele zara...
Hala da. Karmele ikaslea izandakoa da; ikasketak bukatutakoan proiektu berriak bilatzen dabilela, alderdi politikoaren egitasmoarekin egiten du topo. Taldeko satelitea da; alderdiaren komunikazio arduraduna da. Xelebrea da.

Aipatu bezala, Internet bidez egon da ikusgai...
Bai. Estreinaldiak Argia aldizkariaren plataformaren bidez zeuden ikusgai astero. Orain, kapitulu guztiak ikusi daitezke Argian eta Youtuben. Web-sail moduan planteatu da bakoitzak nahi duenean ikusteko aukera izan dezan. Gazteentzako proiektu bezala ere ikusten dugu, eta hortaz, Internetek eskaintzen dituen abantailak aprobetxatu nahi izan ditugu.

Valladoliden egin dituzu ikasketak, eta oker ez banago, han bizi zara gaur egun ere. Zelan irten zen Txoministak-en parte hartzeko aukera?
Bai. Valladoliden bizi naiz eta proiektuen arabera mugitu egiten naiz. Ezagun batzuen bidez izan nuen telesailaren berri; aurrera egitea erabaki nuen.

Zer eman dizu arte eszenikoak ikasteak?
Oso pozik nago aukeraketarekin. Pertsona bezala garatzen laguntzen nau, eta aldi berean, gauza berriak ikastera bultzatzen nau. Arte dramatikoa oso zabala da, beti dago zer ikasi. Bestalde, alde ekonomikoari erreparatuta, esan beharra dago oraingoz ez dela lan duina. Horretaz bizi ahal izatea gustatuko litzaidake. Alde onaren eta txarraren arteko oreka bilatzen saiatzen naiz.

Aktorea izateaz gain, beste hamaika kontutan sartuta ibili zara beti...
Esan bezala, gustuko dut gauza berriak ikastea. Txikitatik txistularia izandakoa naiz, gero dantzetan ibilitakoa ere banaiz; abestea ere asko gustatzen zait.  Gero eta gauza gehiago ikasi, gero eta errekurtso gehiago dituzu kontatzeko. Azken finean, berez, aktoreak nahi duena kontatzea da.

Txoministak telesailaren bigarren denboraldiaz gain, etorkizunari begira, baduzu bestelako proiekturik esku artean?
Datorren ikasturtea zehazten nabil orain. Ikasten jarraituko dut, eta horrez gain, oraindik ez badaukat ezer ziurra dena, aktore lanekin lotutako hainbat proiektu ere baditut esku artean. Ea bateren bat ateratzen den aurrera.

Euskal Herrian edo kanpo?
Euskal Herrian agian bat atera daiteke; bestelakoak kanpo, Valladoliden.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide