Bartzelonan bizi den navaridastarrak Samaniego eta Arabako Errioxarekin lotura duten bi elementu izan ditu kontuan: hain zuzen ere, astoa eta botilak.
Zorionak lehenik eta behin. Lehen aldia al da Arabako Errioxako kartel lehiaketara aurkezten zarela?
Mila esker. Bai, lehen aldia da horrelako lehiaketa batera aurkeztu naizela; arkitekturarekin lotutako bestelakoetan parte hartu izan dut aurretik, baina kartel lehiaketara ez.
Poza orduan handiagoa izango da, ezta...
Hala da. Oso pozik nago. Ez nuen espero, eta deitu zidatenean, pozarren hartu nuen berria. Ezin nuen sinistu. Horrelako lehiaketara berriz ere aurkezteko bultzada ematen du irabazteak.
Gainera Arabako Errioxakoa izanda...
Noski. Horregatik aurkeztu nintzen. Eskualde mailakoa izatea oso berezia eta pozgarria da niretzako.
Kartela berari dagokionez, zer islatu nahi izan duzu Mahats-bilketaren jairako prestatu duzun lanean?
Zertan oinarritu zara?
Kontuan izan nuen lehenengo gauza izan zen festa ospatuko den herria; hain justu ere, Samaniego. Herrian pentsatzen hasita, zerikusia zuen zerbait bilatzen hasi nintzen, eta, astoa etorri zitzaidan burura. Astoa eta Samaniego guztiz lotuta daude; bera da jaietako protagonista. Bestetik, botilak daude; kasu honetan, Arabako Errioxa guztia ordezkatzen dute botilek. Bi elementu horiek elkartzean kartela atera zen. Horrela azaltzerakoan ematen du bost minutuko zerbait dela, baina lana da.
Arkitektoa zara lanbidez. Horrek lagun al dizu kartela egiterakoan?
Noski. Azken finean, arkitekturan, beste hainbat lanbidetan bezala, teknologiak erabiltzen dituzu lan egiterakoan; eta diseinua buruan izan behar duzu. Planoa, etxea edo kartela egiterakoan guzti hori izan behar duzu buruan. Arkitektoa ez banintz, uste dut ez nuela jakingo egiten, eta ez nintzatekeela aurkeztuko lehiaketara.
Leloa ere esanguratsua da: Arabako Errioxa, bete betean...
Adierazgarria da, bai. Bete-betean hitzak askorako ematen du. Batetik, Arabako Errioxa bete ardoz eta festaz adierazi nahi izan dut. Bestetik, eskualdea osotasunean ere kontuan hartu nahi izan dut.
Festaz egingo dugu berba jarraian. Zer da Mahats-bilketa festa zuretzako?
Arabako Errioxako festa da, gure eguna. Txikitatik joan izan naiz etxekoekin, eta parte hartu ere parte hartu izan dut. Txikia nintzela, Navaridasen egin zenean, bi bider igo nintzen agertokira mahatsekin, herriko ordezkari moduan. Eta orain, gaztea naizela, goizetik nago festan.
Horren harira, Bartzelonan bizi arren, egun horretan etortzeko ohitura duzu?
Saiatzen naiz. Dagoeneko hamar urte daramatzat Arabako Errioxatik kanpo eta, egia esan, ez da horren erraza. Baina, saiatu egiten naiz gure eguna delako. Ondo pasatzeaz gain, gertukoekin egoteko aukera ere izaten duzu egun horretan; eta ez bakarrik etxekoekin, aspaldi ikusi gabe ditudan lagunekin ere elkartzen naiz bertan. Joaten ez banaiz pena ematen dit.
Erakusketa ikusgai
Arabako Errioxako Mahats-bilketaren festaren kartel lehiaketara aurkeztutako lanak ikusgai daude ekainaren 18ra arte, Vital Fundazioaren Araba aretoan. Horien bidez eskualdean festa hori nola bizi duten erakusten da, bai eta bertako biztanleen izaera islatu ere.
Honako ordutegian bisitako ahal da erakusketa: astelehenetik larunbatera bitartean, 18:00etatik 20:30era; eta igandeetan, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:30era.