Hasi zenetik beste bi jardunaldi jokatu dira: martxoaren 13an, Bastidan; eta apirilaren 17an, Ekoran. Igandean, maiatzaren 22an, elkartuko dira berriro ere eskualdeko pilotari gazteenak.
Guardian egin dute hitzordua. Autobusetatik jaitsi bezain pronto hasiko dira herri ezberdinen arteko norgehiagokak. Horiek amaitzean, familiek prestatutako hamarretako ederraz gozatuko dute. Oraingo topaketan ez, baina beste hainbat herritan tailerrak eta jolasak ere badituzte umeek.
Arabako Errioxan bost pilota eskola dituzte: Bastidan, Guardian, Ekoran, Oionen eta Lapuebla de Labarcan. Azken eskola hori berria ez bada ere, aurten hasi da lagunartekoan parte hartzen. Hainbat urtez geldi egin ostean, berpiztea lortu dute; eskualdeko pilota eskola handiena da, 22 umerekin.
Eskualdean 64 pilotari
Arabako Errioxan, guztira, 64 ume eta gazte mugitzen dira pilotan. Hilabeteotan jokatzen dabiltzan lagunartekoa ohiko entrenamenduen ekintza osagarri modukoa da, Arabako Pilota Federazioak sustatuta. Kirola sustatzeaz gain, pilotan dabiltzan eskualdeko neska-mutilen zein ingurukoen harremana sendotzeko aukera ere eskaintzen du.
Eskolak euskaraz
Gainera, euskararen sozializazioa lortzeko tresna baliagarria ere badira lagunartekoa zein entrenamenduak. Izan ere, Oiongoak kenduta, euskaraz dira eta gainerako eskolak. Horren harira, euskararen lidergoa bultzatze aldera eta umeei zein gazteei topaldiak erakargarriak egite aldera, aurten ere Aspe enpresako pilotari profesionalen parte-hartzea aurreikusi dute. Ekainaren 12an Lapuebla de Labarcan egingo den topaldian izango dute pilotari profesionalen bisita.