Euskaraz eta euskararekin gozatzeko eskaintza zabala prestatu du elkarteak Lantziegoko ikastolarekin elkarlanean. Ostiralean eskualde osotik eta Vianako (Nafarroa) Erentxun ikastolatik iritsitako 600 ume baino gehiago batuko dira.
Harreraren ostean, adinaren arabera banatuko dituzte haurrak: bi urtetik 7ra bitartekoek tailerrak dituzte ikastolako jolastokian; eta hortik gorakoek, heziketa fisikoko irakasle Larraitz Untzetabarrenetxeak prestatutako orientazio probak egingo dituzte herri osotik. Batera bazkaldu ostean, txikienek DJ Porruren dantzaldiarekin gozatzen duten bitartean, nagusienek ginkana eta bestelako jokoak egingo dituzte.
Gazteentzako gunea
Iluntzean, gazteen txanda izango da: lehenengo pintxo-potea eta gauean kontzertuak izango dituzte herriko pilotalekuan.
Igandean jarraituko du jaiak. Goizean, besteak beste, herri kirolak eta Arabako Errioxako dantza taldeen erakustaldia izango dira festa giroan. Herri bazkaria ere antolatu dute; ikastetxeetan daude txartelak salgai. Disko festarekin emango diote amaiera asteburuari.