Jose Ramon Mariño ekonomialariak Merkataritza eta Inbertsio Akordio Transatlantikoari (TTIP) buruzko hitzaldia eskainiko du datorren ostiralean Oionen. Oro har Arabako Errioxari eta zehazki nekazaritza ereduari ekartzen dizkien kalteak izango ditu aztergai.
Solasaldia Oiongo Bazterra Aretoan izango da, ostiralean, hilaren 6an, 19:00etan. TTIPen aurkako Arabako Errioxako Plataformak antolatu du.
Jose Ramon Mariño ekonomialaria da eta ATTAC (Finantza Operazioen Tasazioaren eta Herritarren Partaidetzaren aldeko Erakundea) taldeko kidea da, eta gertutik jarraitzen du negoziazioen bidea.
Arabako Errioxa, TTIPek “zuzen begiratuta”
“Arabako Errioxa bezalako eskualde bat, hain nekazaritza jarduera garrantzitsua izanda, TTIPek zuzen begiratuta dago, eta ez soilik egunotako filtrazioek diotenagatik, baita hasieratik jakitera emandako datu orokor guztiengatik ere”, adierazi du Mariñok. Hizlariak gogoan du, besteak beste, ituna onetsiz gero bertan behera geratuko litzatekeela jatorrizko izendapenen eredua bera, ez bakarrik gaur egun Arabako Errioxari dagokion marko ofiziala, tokian tokiko berezitasunak nabarmentzeko edozein saio mota baizik.