Arroza oinarri bezala hartuko dute Bastidan kulturak ezagutzeko

Mirian Biteri 2016ko api. 22a, 07:00

Tailer berezia antolatu dute aste honetarako Bastidan: gastronomia erabiliko dute kulturartekotasuna sustatzeko.

Hain zuzen ere, marokoar erara prestatutako arroza oilaskoarekin errezeta hartuko dute abiapuntu.
Gasteizen bizi den emakume marokoar batek gidatuko du esandako saioa; platera prestatzen duten bitartean, bere herrialdeari buruzko azalpenak eta bitxikeriak helaraziko dizkie tailerrean parte hartuko duten hamaika lagunei. Hitz egiteaz gain, arroza prest dutenean hori ere dastatuko dute.  

Prestaketa lanetan ibili den Arabako Errioxako Prebentzio teknikari Yolanda Jimenezen arabera, "sukaldeko kontuak" oso aproposak dira munduko kulturen arteko lotura bultzatzeko. "Modurik onena dela esango nuke; askotan gure kultura baino ez dugu ezagutzen; gastronomia aitzakia bezala hartuta bestelakoetara hurbiltzea eta kultura ezberdina duten lagunen arteko interakzioa bultzatzea da tailer honen helburua".

Emakumeen elkartea
Bastidako Udalak, Arabako Errioxako kuadrillak eta Arabako Diputazioko Kulturartekotasun Zerbitzuak elkarlanean antolatutako ekintza da hori. Horren harira, Jimenezek esan du bertako Peña de Toloño emakumeen elkartearen partaidetza ere sustatu nahi izan dela.  

Esan bezala, ostiralean, apirilak 22, izango da Munduko arrozak tailerra, 17:00etatik 19:00etara, Bastidako Udalaren txokoan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide