Esan bezala, dagoeneko badituzte hainbat proiektu mahai gainean. Lapuebla de Labarcan, esaterako, Poveda parkea berrituko du laster Arabako Diputazioak. Horren bueltan, honakoa azaldu du Maider Murillo alkateak: "Parkea, berez, Guardikoa bada ere, Lapueblak erabiltzen du. Egoera horrek utzikeria eragiten zuela ikusita, Diputazioari proposatu genion bere gain hartu zezala horren mantenua. Baietza eman zuen parkeen sarean sartuz; garbiketaz arduratzeaz gain, parkea berritzeko proiektua polita ere aurkeztu du. Aisialdi gunea berritzearekin batera, behatokia ere egin nahi da han".
Herriak ibaiaren bidez lotu
Ez da proiektu bakarra. Arabako Errioxako Kuadrillak Mañueta, Eltziego eta Lapuebla Ebroren bidez lotu nahi ditu herri bakoitzean ontziralekua eraikiz; azken herri horretakoa Povedan jarri nahi da. Murillok gogorarazi du gaur egun ingurune horretan sarrera naturala duela errekak, eta uretara kayak edo traineruekin sartzeko erraztasun gehiago eman nahi dela horrekin. Alkateak gogorarazi du herritik gertu dagoen zubi ondoan badagoela beste ontziraleku bat, eta horri ere "bultzada" eman nahi zaiola.
Guzti horren bueltan, maiatzaren 14an, Lapuebla de Labarcan jaia antolatu dutela iragarri du. Besteak beste, Lekeitio eta Elantxobeko batelak eta traineruak gonbidatu dituzte horretara.