Arabako Errioxako autobus zerbitzua indartuko du Aldundiak

Saioa Fdz. de Arangiz 2016ko api. 13a, 17:36

Gasteiz eta Logroño lotzen dituen autobus zerbitzuaren maiztasuna handituko du. Era berean, Samaniego eta Abalos herriek urte osoko garraio zerbitzua izango dute.

Larunbatetik, Arabako Foru Aldundiak Arabako Errioxako garraio-zerbitzua indartuko du. Zehazki, Gasteiz eta Logroño lotzen dituen 9.linearen maiztasuna handituko du eta Conchas de Harotik eta Herreratik ibilbideak eskainiko ditu, toki erakundeen eta bidaiarien eskaerei erantzunez. Aldaketa hauei esker, gainera, Samaniego eta Abalos herriek urte osoko garraio zerbitzua izango dute eta Bastidak geldialdi berria izango du.

Arabako Errioxari zerbitzu ematen dioten linea berriak 2015eko ekainaren amaieran hasi ziren lanean, eta geroztik, bidaiari kopurua gehitzen ari da etengabe, bereziki, 9.linea horretan. Hori dela eta, Aldundiak Gasteiz eta Logroño lotzen dituen zerbitzuaren maiztasunak handituko ditu; bi gehiago lanegunetan, eta beste lau, jaiegunetan. Hala, apirilaren 16tik aurrera, zerbitzu horrek egunean 20 zerbitzu eskainiko ditu, astean zehar zein asteburuetan.

Uda garaia

Beste alde batetik, eta toki erakundeen eta bidaiarien eskaerei erantzunez, 9. linea horretan  Conchas de Harotik egiten den ibilbidea mantenduko da zerbitzu batzuetan. Hasiera batean, apirilaren 15etik  azaroaren 15era bitartean, Gasteiz eta Logroño arteko ibilbidea hori soilik Herrerako mendatea zeharkatuz egingo zela iragarri zuten, baina azkenik, bi ibilbideetan eskainiko da aukera hori.

Horren eraginez, apirila eta azaroa bitartean, Samaniegoko eta Abaloseko biztanleei zerbitzu erregularra emango zaie. Horrez gain, Bastidan geldiadi berria jarriko dute. Orain arte, bi lineekiko konexioa (Logroño-Haro eta Gasteiz-Haro) zuen eta, orain, datorren larunbatetik aurrera, beste hirugarren bat ere izango du.

Ordutegi berriak

Azkenik, Gasteiz Lagran eta Harorekin lotzen dituzten 7 eta 12 lineetan ordutegi aldaketak egingo dituztela iragarri dute, baina ez dituzte zehaztu zeintzuk. Logroño eta Guardia arteko 8.linean, Labrazara gerturatzea eskainiko da, bidaiariren batek bertara joateko bidaia txartela erosten badu. Azkenik, geltoki berria jarriko da Guardiako alde zaharretik kanpo, 9. eta 10. zerbitzuetarako (Gasteiz-Logroño eta Logroño-Haro).

Informazio gehiago: Arabako Garraio zerbitzua

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide