Bisitariak Burdin Aroan murgiltzen dituen gune berria du Navaridasek

Mirian Biteri 2016ko api. 8a, 07:00

Arabako Errioxatik dabilenak interpretazio gune berria bisitatu dezake martxoaren 18tik Navaridasen: hain zuzen, Castejon Garaia herrixkako Burdin Aroko aztarnategi arkeologikoaren bueltan abian jarritakoa.

Navaridasen jakinekoa zen 80. hamarkadatik ingurune horretan aztarnategia zegoela; 2002ko udazkenean kultura ondare izendatu zuten. Pasa den agintaldian, Leza eta Navaridas lotzen dituen errepidea konpontzeko azterketak egiten hasi zirenean agerian geratu zen aztarnategi horren garrantzia.

Navaridasko alkate Miguel Angel Fernandezek azaldu du 240 bat biztanle dituen herri txiki batentzako "oso garrantzitsua" dela aztarnategia ezagutaraztea. Hori dela eta, herrian bertan dagoen XVII. mendeko Sodupetarren jauregia interpretazio gune bilakatu dute. Pantailen bidez, Castejon Garaia herrixkako Neolitiko eta Erdi Aroa arteko bizimoduaren berri izango dute bisitariek. Horrez gain, aztarnategian topatutakoaren kopiak ere ikusi daitezke.

Doako bisitak

Interpretazio gunea bisitatzeko interesa dutenek Navaridasko udaletxera deitu behar dute, 945-60 50 53 telefono zenbakira. Rosa Martinez de Antoñana herritarrak eskainitako bisitak debalde dira; hori bai, gutxienez 24 orduko aurrerapenarekin egin behar da eskaera.

Alkatea oso pozik dago orain arte izandako harrerarekin; "harrituta" dagoela onartu du. Oporrak baino lehen Gasteiz eta Arabako Errioxako 187 ikasle pasa ziren interpretazio gunetik, eta inauguratu zenetik hogei lagunetik gora.

Fernandezek nabarmendu nahi izan du Sodupetarren jauregiko gunea bisitatzeaz gain, Castejon Garaia herrixkako aztarnategi arkeologikoa ere bisitatu daitekeela, seinaleztatuta dauden bideak erabiliz.  

Eraikina berritu

Etorkizunera begirako asmoez ere hitz egin du alkateak: "Interpretazio gunea handitzea eta jauregi parean plaza bat eraiki nahi dugu; baina, aurretik, eraikina berritu behar dugu. Horretarako laguntza ekonomikoa eskatu diogu berriro ere Eusko Jaurlaritzari". Datorren urterako lanak eginda izatea espero dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago