Eduardo Terroba: "Enplegua da Oiongo arazo handiena, eta horretara bideratuko dugu esfortzua"

Mirian Biteri 2016ko mar. 10a, 11:30

EH Bildu eta PSE-EE alderdien babesa jaso ostean heldu zen alkatetzara Eduardo Terroba. Udalaren barne funtzionamendua ezagutu ostean, proiektu txikiak aurrera ateratzeko, eta, bereziki, langabezia tasa murrizteko lanean dihardu jelkideak.

Dagoeneko bederatzi hilabete pasa dira alkate kargua hartu zenuenetik. Zelan joan dira hilabete hauek?

Biziak izan dira. Gogoratzekoa da iazko erdialdean heldu ginela alkatetzara, eta ordurako aurrekontuak onartuta zeudela. Nabarmentzekoa da, baita ere, aurreko agintaldian ni ez nintzela zinegotzia izan, osoko bilkura guztietara joaten banintzen ere. Hori guztia esanda, hilabete hauek Udalaren funtzionamendua ezagutzen eman ditugu, eta, aurrekontu hori exekutatzeko ditugun aukerak aztertzen. Horren harira, helburua lortu dugu, aurreikuspenak bete ditugulako; esfortzu handia eginda, 31.000 euroko superabitarekin itxi dugu urtea.    

Kontuekin jarraituz, aurtengo aurrekontuak ere onartu dituzue ezta?

Bai, hala da. Proiektuak 3 milioi euro aurreikusten ditu. EAJ, PSE-EE eta EH Bilduren zinegotzien aldeko botoarekin onartu zen; PPko ordezkariek, berriz, kontra bozkatu zuten. EH Bilduren hiru emendakinekin onartu ziren. Horietako batek herritik San Justo parkera arteko bidea zaintzea proposatu zuen. Bigarrenak, elizako dorrea berriz ere argiztatzea eskatu zuen. Eta hirugarrena euskararekin dago lotuta; Oiongo Udaleko webguneak euskarazko eta gaztelaniazko sarrerak baditu ere, euskarako atalean ez da edukirik sartzen, aurrekontuak osatzerakoan ahaztu egin zitzaigun partida bat sortzea horri buelta emateko eta EH Bilduk emendakina sartu zuen. Euskararako 13.000 euro bideratu dira, webgunea elikatzeko eta euskaltegiko bekak ordaintzeko.     

Euskarari bultzada eman nahi diozue orduan...

Noski. Ahal bada, saiatuko gara, kultura mailan ere, euskarazko ekintzak antolatzen. Euskarari duen garrantzia eman nahi diogu. Nik neuk arantza bat dut euskararekin. Hiru urte eman nituen euskaltegian eta, zoritxarrez, ezin izan nuen hizkuntza ikasi, etxekoak euskaldunak badira ere.

Aipatutako emendakinez gain, bestelako inbertsiorik aurreikusten dute aurrekontuek?

Zerbait egiteko dirua geratuko da, baina ez asko. Kontuan izan ohiko gastuetan 2,42 milioi joaten direla. Foru Planetik ere dirua jasoko genuela uste genuen eta ez da horrela izan. Eta horri gehitu behar zaio daukagun zorren kredituak ordaintzen gabiltzala: futbol zelaiarena edo neguko kirol instalazioen eraikinarena. Hori guztia kontuan izanda, ez da inbertsiotarako diru askorik geratzen.

Eta dagoenarekin zer?

Gauza asko ditugu egiteko, eta lehentasunak jarri ditugu; aurrekontuak mugatzen baitu dena. Batetik, siloaren eraikina Udalarena izatera pasako da. Bestetik, erortzeko zorian dagoen udal jabetzako Taconera eraikina eraitsi behar dugu. Horrez gain, oso erabilia den pilotalekua barrutik konpontzen hasiko gara.

Bestalde, gastua murrizteko neurriak hartzen hasi zarete neguko igerilekua itxiz...

Hala da. Ezin diogu gastu horri aurre egin, mantentze eta kudeaketan 147.000 euroko gastua du igerilekuak urtean; eta horri konpontze lanak gehitu behar zaizkio. Igerilekuak utziko duen lekua berrantolatuko dugu askotariko kirol jarduerak praktikatu ahal izateko aretoa sortuz. Ez dugu neguko igerilekua izango, baina, ederrak dira herrian ditugun udako igerilekuak. Kontziente izan behar gara horrelako instalazioek duten gastuaz.

Enpleguaz ere egin behar dugu berba. Oion EAEko langabezia tasa altuena duen udalerria da. Zer da zehazki Oionen gertatzen dena horren tasa altua izateko beti?

Egun %23an dago udalerriko langabezia tasa. Oionek duen berezitasuna da nekazaritzak ez duela gehiagorako ematen eta egoera ekonomikoa ona zenean enpresa asko sortu baziren ere, krisiarekin itxi egin direla horietako asko. Ezkerraldeko herrietan bezala, industriak garrantzia handia du Oionen. Horrez gain, Diru Sarrera Bermatzeko Errentaz bizi den jende asko dugu hemen, eta horrek ere eragina du langabezia tasa altuan; azken hori koiunturala izan dadila espero dugu. Inork ez du nahi egoera horretan egon.

Eta horren aurrean zer?

Hainbat plan ditugu mahai gainean. Egunotan formaziora zuzendutako tokiko plana aztertu behar dugu, eta horren gainean erabakiak hartu. Horren harira, nekazaritzarekin lotutako zerbitzu kooperatibak sortzeko aukera aztertzen gabiltza, eta horretarako, ezinbestekoa da formatuta egotea. Bertako nekazariek langileak behar dituzte mahastietan lan egiteko eta, hortaz, gure lehentasuna izango da inausketan edo mahats-bilketan edo eremu horretako lanetan jendea trebatzea. Interesgarria iruditzen zaigu mota horretako kooperatiba eratzea. Bestetik, Lanbideren bidez, enpresa arloan ere formazioa eskaintzea pentsatu dugu. Sukaldaritza edo lorezaintzari buruzko ikastaroak eskaini dira askotan, baina horretan jarduteko eskaintzarik ez dago. Logikoena da udalerriko enpresetara joatea eta behar dutena jasotzea. Eta horretan dihardugu azkenaldian; lanpostu zehatzerako formazioa eskaini nahi dugu, eta horretarako, enpresei zuzenean gabiltza galdetzen. Arte grafikoekin eta kimikarekin lotutako enpresak ditugu hemen. Argi dagoena da enplegua dela udalerrian dugun arazorik handiena, eta gure esfortzuen %90 horretarako bideratu behar dugu.

Enpleguarena izan ezik, gainerako proiektuak epe laburrera begirakoak dira. Luzerako zerbait aurreikusten duzue?

Noski, ehunka proiektu ditugu gordeta. Esaterako, badaude herrian bertan kale eta plaza asko eraberrituak izan behar direnak, hala nola, Florida kalea, Gasteiz kalea edo Kale Berria. Baina horretarako diru asko behar da, eta Udalaren egoera ekonomikoak eta Foru Planetik helduko diren laguntzek baldintzatuko dute horietako batzuekin aurrera egin ahal izatea edo ez.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide