Montecillo trikuharria Villabuenako herritar batek aurkitu zuen 2009ko amaieran; Villabuena herritik iparraldera begiratuta, kilometro erdira dago kokatuta. Topatu bezain pronto, Euskal Herriko Unibertsitateko Historiaurreko Sailekoak hasi ziren aurkikuntza horren azterlanekin.
Hilobia bi mahastiren artean dago; desitxuratuta dago eta aurkitu zutenean harri mordoxka batez erdi estalita zegoen. Korridorerako sarrera bi lursail banatzen dituen harresi batek estaltzen zuen orduan.
Arabako Errioxan dauden beste zazpiren ezaugarri antzekoak ditu. Poligono itxura duen kamera batek osatzen du trikuharria; aipatutako azken hori bost blokez eta bi bloke dituen korridore batez osatua.
Zabalerari dagokionez, 2,10 eta 2,35 metrokoa da, iparraldetik hegoaldera eta ekialdetik mendebaldera.
Aurkikuntza Arabako Errioxan horren ohikoa den hondar-geruza baten gainean dago. Kameraren barrualdean kraterra sortu zen, litekeena, hilobi-kameraren edukiera handitzeko.
Brontze Arokoa
Indusketa-lanetan hainbat pieza garrantzitsu aurkitu eta berreskuratu ziren; tartean, giza hezurrak: tartsokoak, hortz piezak eta gazte baten orno zerbikala.
Horien lagina Miamiko (AEB) laborategi batera bidali zuten; bertan zehaztu zen Villabuenako dolmena Brontze Aroko hasierakoa dela.