Mañuetan lanean dihardute lur azpiko upategien festa berreskuratzeko

Mirian Biteri 2016ko ots. 25a, 09:06

Otsailaren 12an batzarrera zeuden deituta Mañuetako herritarrak eta bertako upeltegietako ugazabak; besteak beste, 2011. eta 2012. urtean antolatutako lur azpiko upeltegien eguna berreskuratzeko proposamenaz jarduteko.

Ibondo elkarte kulturalak eta Mañuetako Udalak elkarlanean egindako proposamena da hori. Elkarteko presidente Jose Luis Muñozek azaldu du hilabeteko epea eman dutela jai horretan parte hartu eta lagundu nahi dutenek izena eman dezaten. Martxoaren 12ra arte jasotako erantzunen arabera erabakiko dute gero festaren antolakuntzarekin aurrera jarraitzea edo ez.

Uztailaren 2an

Esan bezala, bi urtez egin da esandako eguna. Honakoa gogorarazi du Muñozek: "Aspaldiko lur azpiko upategiak berritu izan dira azken urteotan; hori aprobetxatuta, herrian sakabanatuta dauden 15  upeltegi inguru zabaldu egin zituzten lehen aldiz 2011. urtean; bertako ardoa dastatzen zuten bitartean, bisitariei erakutsi zizkieten; arbasoek kobazuloek zelan egin zituzten eta bertan ardoak zelan mantentzen diren azalduz. Oso giro ona izan zen bi edizio horietan eta asmoa da hori berreskuratzea". Uztailaren 2an izango litzateke aurtengo festa.

Auto eta motor klasikoen elkarretaratzea

Upategien eguna ez da uztailean Mañuetan aurreikusita dagoen festa bakarra. Ibondo elkarteko Jose Luis Muñozek jakinarazi du aurten ere antolatuko dutela auto eta motor klasikoen elkarretaratzea. Joan den urtean egin zuten lehenengoz, eta egunak izandako harrera ikusita, berriro ere antolatzea erabaki dute. Otsailaren 12ko batzarrean aurtengo elkarretaratzearen berri eman zieten herritarrei. Besteak beste, uztailaren 9an izango dela iragarri zuten, eta laguntza ere eskatu zuten. Muñozek azpimarratu du Arabako Errioxan Mañuetan baino ez dela horrelakorik egiten. Gaineratu du turismoa erakartzeko "modu ona" dela horrelako ekintzak antolatzea.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide