Uztaberri Eguna da larunbatean Lapueblan

Mirian Biteri 2016ko ots. 12a, 09:01

Revista Berberana

Herriko 10 upeltegik zabalduko dituzte euren ateak bisitariek uzta berria proba dezaten.

Uztaberri Eguna egingo dute larunbatean, hilaren 13an, Lapuebla de Labarcan. Herriko 10 upeltegik zabalduko dituzte euren ateak bisitariek uzta berria proba dezaten: hain zuzen ere, Goyo Garrido, Zugober, Casado Morales, Estraunza, Loli Casado, Cordoba Martinez, Covila, Harresi, Miguel A. Muro eta Sideralesek.  

Egun osoko egitaraua prestatu dute: 11:00etan, ardo botilen irekitzeari buruzko 8. lehiaketa hasiko dute; eta ordu berean zabalduko dituzte txokoak; xaboia, ezti-ura, olibak, olio dastatzea, erroskillak eta ozpina dastatu ahalko dira horietan. 

Txosnetan, berriz, upeltegi parte-hartzaileen saldak probatzeko aukera izango dute bisitariek. Eguerdian, ardo dastatzeak egingo dituzte, bi euroren truke; baita boloarena ere.

Upategietara bisita

Upategietara hiru bisita antolatu dituzte 12:30etik 13:30era bitartean. Bada, horra joan aurretik plazan dagoen informazio gunean sarrera erosi beharko da, sei euroan. 

Egunari amaiera emateko, herri bazkaria izango da Jose Antonio Agirre parkean; eta 17:30ean, disko festa El Plano plazan. 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago