Eltziegokoek zain dituzte Idiazabalgo lagunak

Mirian Biteri 2016ko urt. 28a, 12:00
Txema Castro

Larunbatean Idiazabalen emango dute eguna eltziegarrek; San Blasak dira han eta bertako jai giroan murgilduko dira Arabako Errioxakoak.

Dagoeneko hiru urte pasa dira Eltziego eta Idiazabal herriak senidetu zirenetik. Zieko Baiko zinegotzi Alain Callejok azaldu du "bertako bi produktuk, gaztak eta ardoak, eraginda", Bastidarekin zuela ordura arte harremana Gipuzkoako herriak. "Eltziegon dagoen mugimenduak eta upeltegi onek ezagutu zituztenean, bertakoekin ere kontaktuan izateko gonbita egin ziguten gipuzkoarrek", gaineratu du.
Urtean bi bider
Ordutik urtean bi aldiz elkartzen dira: otsailaren hasieran, Goierrin; eta ekainean, Eltziegon bertan. Callejok nabarmendu du dagoeneko "elkar ezagutzen" direla bi herrietako bizilagunek.
Esan bezala, egun pasa joango dira eltziegarrak. Plan bikaina dute aurretik. Goizeko 08:00etan irtengo dira autobusean eta baita autoetan ere. Idiazabalera heldu bezain pronto, kalejira egingo dute Eltziego & Friends gaitariek; idiazabaldarrek hamarretakoa gertu duten arte.
Jarraian, lanean jarriko dira Eltziegotik joandako sukaldariak: eguerdian banatuko dituzten errioxar erara prestatutako patatak eta Eltziegoko produktuak xirmendutan erreak prestatuko dituzte; 800 bat lagunek dastatuko dituzte horiek.  Bada, bazkaldu baino lehen dantza eta gaita emanaldia eskainiko dute bisitariek.
Urtero bezala, arratsaldean hainbat aukera izango dituzte eltziegarrek: Artola eta Albisu Altuna III eta Merino II pilotarien kontrako partidua ikustea, gaztandegi bat bisitatzea edo Idiazabalen San Blas jaiekin gozatzea. Inguruko sagardotegi batean afaldu ostean, Eltziegora itzuliko dira.
Galiziako Boiro herria
Idiazabalekin ez ezik, Galiziako Boiro herriarekin ere senidetuta daude eltziegarrak. Kasu honetan, urtetik urtera txandakatzen dituzte bisitak. Aurten, galiziarrak izango dira Arabako Errioxan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide