Katxiaren baimenarekin jaietan murgildu dira oiondarrak

Mikel Uralde 2016ko urt. 21a, 16:10

Jaietako pertsonaia historikoa XVII. mendeko udal agirietan agertzen da lehen aldiz baina sustrai ezezagunak ditu.

 

Katxiaren iraulketaren erritual zaharra errepikatu dute Oionen eta ordutik festetan murgilduta dabiltza. Tradizioa harrotasunez eramaten den domina da eta aurten ere kalera irten dira Bizente eta Anastasio Deunen jaiak ospatzeko. 

Musika eta dastaketa artean Katxiaren iraulketa nabarmentzen da jai egitarauan. Pertsonaia 1667an agertu zen lehen aldiz udaletxeko artxiboetan baina badago 1633. urtean kokatzen duen kondaira bat. Mendeetako tradizioa izanda ere pertsonaiaren sustraiak ezezagunak dira Jose Antonio Tarragona kultur zinegotziak azaldu duenez. 

XVII. mendean Oion hiribildu izatera pasatu zen modu ofizialean, Guardiatik banatu ondoren. Hala bandera propioa lortu zuen eta sinbolo garrantzitsua bihurtu zen oiondarrentzat. Banderaren inguruan  festak sortu ziren eta hauekin batera Katxiren pertsonaia. 

Kultur zinegotziaren arabera "herria bera irudikatzen du Katxiak eta herriko pertsonaia nagusia da nahiz eta hasiera batean bufoi baten eginkizuna zuen".

Tradizio baten koloreak

Katxiaren inguruko informazio ziur bakarra arroparen ingurukoa da nahiz eta aldaketa ugari jasan dituzte denborarekin. 1667. urtean, Katxiak zaia bat zeraman txanoarekin batera, biak kolore desberdinekoak. 1879. urtean berriz azeri larru bat gehitu zitzaion bota altuekin batera. 

Errepublika garaian koloreak morea, gorria eta horia izatera pasa ziren. Espainiako Gerra Zibila bukatu ondoren berriz kolore gorria nagusitu zen eta adarkadurak gehitu zizkioten txanoan eta papar-hegaletan. Pasa den mendeko erdialdean gaur egungo gorri eta berde koloreak ezarri zituzten.

Katxiaren errituan, musika tradizionalaren doinua entzuten denean, kultur zinegotziak herriaren banderari heltzen dio. Gero, katxia lurrean etzaten da eta iraulketari ekiten dio musikaren doinuari jarraituz. Bukatzen denean, altxatu egiten da eta txanoa zerurantz botatzen du.

Bizente eta Anastasio Deunen jaietan ostegunean eta ostiralean ospatzen da Katxiaren iraulketa une ezberdinetan eta Herriko Plazan. 

Egitaraua

22, OSTIRALA

04:15 Egunsentien otoitza (aurorak), udalerriko kaleetan barrena.

11:00 Erraldoiak eta buruhandiak

11:30 Agintarien Harrera, udaletxean

12:00 "Katxiren iraulketa", Parrokia elizan. Meza santua eta prozesioa. Ondoren, Zaindari santuen dantza eta zezentxoa.

13:30 "XXI. Dastatzea Opilak Txorizoarekin". Oiongo Petanka Klubaren eskutik.

13:30 / 20:00 / 24:00 Custom Orkestra.

18:00 Burbuila ikuskizuna.

21:45 Zezensuzkoa.

 

23, LARUNBATA

11:00-19:00 Haurren parkea (txirrista, gaztelua, atea, bola-etxea).

20:00 Salda Dastatzea eta patata erreak. San Bizente ikastolaren eskutik.

20:00 / 24:00 London Orkestra

21:45 Zezensuzkoa

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide