Rodriguez eta Triana idazkariek hartu dute erretiroa

Mirian Biteri 2016ko urt. 1a, 14:04
Argazkia: Juantxo Martinez

Lapuebla de Labarcako idazkari-kontuhartzaile Fernando Gomez ere urrian erretiratuko da 20 urtez herrian lanean egon ostean.

Urte amaierak aldaketak ekarri izan ditu Arabako Errioxako hainbat udaletan; bertako bi idazkari-kontuhartzaileek hartu izan dute eta erretiratua.Hirugarren bat ere jubilatutako da aurtengo udazkenean; hain justu ere, azken 20 urteotan Lapuebla de Labarcan lanean ibilitakoa.

Valentin Rodriguez Mañueta, Samaniego eta Villabuenako idazkari-kontuhartzailea izan da azken 24 urteotan. Radio Rioja Alavesan gogorazi duenez,   1992ko urtarrilaren 7an hasi zen esandako hiru herri horietan lanean eta hasiera batean, behin-behinekoa izango zela uste zuela aipatu du. Urte guzti horietan bere lanak izandako bilakaeraz galdetuta, aipagarrienak gai "administratiboak handitzen joan direla eta sistema berrietara egokitu behar izatea" izan direla erantzun du.

Merezitako omenaldia izan du Rodriguezek. Lana utzi aurretik, hiru herrietako udalek bazkaria egin zuten eta haren omenez; aurreskurik ez zen falta izan bertan, korporazietako zinegotziek dantzatutakoa. Lankideak izan ziren txistua jotzeaz arduratu zirenak. Rodriguezek dagoeneko badu ordezkoa: Jose Antonio Torres bizkaitarra.

 

Eltziegon 28 urte

Eltziegon ere idazkari-kontuhartzaile berria dute dagoeneko; hain justu ere, orain arte Lantziego, Bilar eta Kripango udaletan ibilitako Armando Blancok jardungo du aurrerantzean zeregin horretan.

Jose Ramon Triana, JR ezizenez ezagunagoa dena, ordezkatuko du. Azken horrek 28 urte eman ditu Eltziegoko udaletxean lanean; Eskualdeko Berberana aldizkarian gogorarazi du hiru alkate ezagutu dituela denbora tarte horretan, eta horien oroitzapen ona duela; alkateena eta baita zinegotzi gehienena ere. 

Bat dator Rodriguezekin esatean lan egiteko modua asko aldatu dena; Eltziegon, baina, aldatu ez den gauza bat dagoela azpimarratu du: "osoko bilkuren ostean, ardoa hartzearena; bat, gutxienez". Bestalde, gaineratu du "poz handia" eman diola herria zerbitzuz handitzen joan dela ikusteak. Udala utzi aurretik, berari ere omenalditxoa egin zioten abenduaren 23an.

Lapueblan "gustukoen"

Rodriguez eta Trianaz gain, Lapuebla de Labacako idazkariak ere aurten hartuko du erretiroa; urria aldean utziko du lana Fernando Gomezek. Harekin harremanetan jarrita, adierazi du "oso gustura" egon izan dela bertan lan egiten eta "pena" ematen diola lana uztea: "Aurretik beste hainbat herritan egonda nintzen, baina Lapuebla de Labarcan egon naiz gustukoen. Erretiratzeko gogoa badut ere, pena apur bat ere badut".

Lanean jardun duten eta oraindik dihardun herri guztietan faltan botako dituzte.

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide