CCOO sindikatuak EHUn duen egoitzari berriro eraso egin diote

Sindikatuak gogora ekarri du ez dela eraso isolatua. CCOO

Sindikatuak "langile klasearen aurkako probokaziotzat" jo du gertatutakoa, eta Errektoretzaren "permisibitatea" kritikatu du.

EHUko Arabako campusean duen egoitzari eraso egin diotela salatu du gaur CCOO sindikatuak. Erakundeak ezagutzera eman duenez, atzo arratsaldean zenbait ezezagunek beren egoitzari pintura gorria bota diote. Zehazki, paretaren eta informazio panelaren gainean bota dute. Sindikatuak "langile klasearen aurkako probokaziotzat" jo du erasoa. 

Errektoreari eskatu diote "publikoki kondenatzeko" bai eta "zigor neurriak" hartzeko ere. Modu berean, gainerako sindikatuei "beren isiltasuna apurtzeko" eskatu diete. "Sindikatuaren espaziora baino ez da bideratu erasoa, bertan unibertsitateko plantilla artatu eta defendatzen den eremura", aldarrikatu dute.

Diotenez, ez da gertaera isolatua, eta urte betean baino gehiagoan irakasle eta langileen aurka "jazarpena eta intimidazioa" nozitu dituzte. Gogora ekarri dute 2025eko otsail eta urrian izandako gertakariak, bai eta iaz CCOO eta UGT sindikatuen egoitzen aurkako beste hainbat eraso ere.

Salatu dutenez, bai errektoretzak zein aldezleak —unibertsitate komunitatearen eskubideak bermatu behar dituen kargoa— "aitzakiak" jartzen dizkiete horrelakoen berri ematen dutenean. Are, CCOOren esanetan, Errektoretzak "bi neurri" erabiltzen ditu: erasoak kanpoan gertatzen direnean "azkar erantzuten du", baina "erabateko pasibitate eta permisibitatea" agertzen du "barne jazarpena" gertatzen denean. Aurreratu dute sindikatua "ez dutela kikilduko", eta segituko dutela "EHUko plantilla osoaren eskubideak defenditzen".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago