Gabonetan goroldioa basoan uzteko eskatu dute

Organismo hauen garrantziaz kontzientzia zabaldu nahi dute. JUANMA GALLEGO / ALEA

Alavesia elkarteak bat egin du Espainiako Briologia Elkarteak arazoaren gaineko kontzientzia zabaltzeko kanpaina batekin.

SES Espainiako Briologia Elkarteak naturaren kontserbazioa eta Gabonetako tradizioak uztartu nahi dituen kanpaina aurkeztu du: Eguberri honetan, utzi goroldioa basoan lelopean, herritarrei dei egin diete jaiotzak eta Gabonetako apaingarriak prestatzeko goroldioaren erauzketa eta merkaturatzea saihesteko.

Ekimenaren helburua da goroldioak ekosistemetan betetzen duen funtsezko eginkizunaz ohartaraztea. Gogora ekarri dutenez, landare txiki horiek hezetasuna mantentzen laguntzen dute, lurzorua babesten dute eta organismo askoren bizileku dira. Gainera, goroldio komunitateak oso motel berreskuratzen dira; erauzi ondoren, urteak behar izan ditzakete berriz garatzeko.

SEBk hainbat hizkuntzatan prestatu ditu kanpainaren kartelak, besteak beste euskaraz, gaztelaniaz, katalanez, galegoz eta italieraz, mezuak ahalik eta zabalkunde handiena izan dezan. Kanpaina horretatik abiatuta, Alavesiak, Arabako Natur Zientzien Museoarekin eta Gasteizko Elizbarrutiaren Osoko Ekologia taldearekin elkarlanean, bere kanpaina propioa prestatu du, Arabako herritarren artean kontzientziazio lana indartzeko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago