Euskarazko hitzen balio emozionala ikertzen ari dira EHUn

Bost minutu baino gutxiago behar dira inkesta betetzeko. ALEA

Datu base aitzindaria sortzen ari da EHUko Gogo Elebiduna ikerketa taldea. Gutxienez 18.000 euskaldunen parte hartzea behar dute, euskarazko 15.000 hitzen ezaugarri emozionalak jasotzeko. 18 urtetik gorako euskal hiztunak deitu dituzte inkestan laguntzera, eta sariak eskaini dituzte.

 

EHUko Gogo Elebiduna ikerketa taldea lanean ari da euskarazko hitzen balio emozionalari buruzko corpus ireki eta erreferentziazko bat sortzeko. Helburua da euskarazko 15.000 hitzen hiru ezaugarri psikolinguistiko nagusiak neurtzea: balio emozionala, aktibazio maila eta konkrezio maila. Emaitza mundu osoko ikertzaileentzat eskuragarri egongo den baliabide zientifikoa izatea nahi dute.

Antzeko tresnak aspalditik erabiltzen dira ingelesez, gaztelaniaz edo frantsesez, eta funtsezkoak dira psikolinguistika, neurolinguistika, hizkuntza patologiak eta hizkuntzen irakaskuntza bezalako arloetan. Gogo Elebiduna taldearen asmoa da euskarak ere halako erreferentziazko datu base bat izatea, etorkizuneko ikerketak errazteko eta hizkuntzaren inguruko ezagutza zabaltzeko.

Horretarako, ikertzaileek euskal hiztunen laguntza eskatu dute. Parte hartzaileek hainbat hitzen inguruko balorazio subjektiboak emango dituzte, eskala numerikoetan oinarrituta. Lehen fasean hitzek pizten duten emozioaren izaera baloratuko dute (positiboa, neutroa edo negatiboa); ondorengo faseetan, berriz, hitzek eragiten duten aktibazio maila eta hitzak adierazten duen kontzeptuaren konkrezioa neurtuko dira.

Inkesta osatzeko bost minutu baino gutxiago behar dira, eta nahi adina aldiz errepika daiteke, saio bakoitzean hitz desberdinak agertzen baitira. 18 urtetik gorakoa den eta euskara dakien edozeinek har dezake parte, esteka honetan sakatuta. Parte hartzea sustatzeko sariak ere eskaini dituzte, fase bakoitzaren ostean hamar sari zozkatuko dituzte EHUko dendan 50€ko bonoak banatzeko. Ikerketa Eusko Jaurlaritzaren eta Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioaren laguntzarekin garatzen ari da.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago